Albistea entzun

Zalapartaren erdian kir-kir egitea

Bernardo Atxagak Euskadi Irratiko 'Faktoria' magazinean irakurritako 115 artikulu bildu ditu ‘Kilker bat autopistan’ liburuan.

Bernardo Atxaga, gaur, Nafarroako Liburutegian, 'Kilker bat autopistan' liburua aurkezten.
Bernardo Atxaga, gaur, Nafarroako Liburutegian, 'Kilker bat autopistan' liburua aurkezten. IƱigo Uriz / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2020ko azaroak 18

«Astelehenero testu bat irakurtzea, eta bukaeran pentsatzen jartzea, eta irudipena izatea, izan dela kilker baten kantua, kantu soila; kir-kir egitea, trafiko handiko autopista baten erdian». Bernardo Atxaga idazleak etsipen sentsazio bera izaten zuen astelehenero Euskadi Irratiko Faktoria saioan bere gogoetak plazaratzen zituenean. Zaila egiten zitzaion pentsatzea irakurtzen zituenak zarataren artean, informazioaren autobidean galdu gabe, norbaitengana iritsiko zirela. Baina astero-astero lortzen zuen etsipena gainditzeko kemena, 115 astelehenez. Uhinetan esandakoak paperera irauli ditu orain, Kilker bat autopistan liburuan. Pamielarekin eman du argitara, eta gaur aurkeztu du, Aingeru Epaltza idazlearekin batera.

Aurtengo uztailera arte Faktoria saioaren zuzendari izandako Maite Artolak liburuaren hitzaurrean dio Atxagarengana jo zutela «agerikoak, zaratak, estaltzen duen hotsaren bila». Informazioaren zalapartaren azpian zer zegoen bilatzera. Hori izan ohi baita zutabegileen lana: albistearen haritik tiraka, gogoetak osatzea. Ordea, Atxagaren kasuan, abiapuntua eta helmuga beste batzuk dira, Aingeru Epaltzaren ustetan: «Atxagarentzat, errealitatea ez da abiapuntua: helmuga da. Errealitatearekin topo egiten du, eraikitzen edo marrazten duen bide horretan. Eta kazetaritzatik baino, kontakizunetik, saiakeratik edo memoria ariketatik gehiago duten testu horiek ez dute albistearen oihartzuna isiltzearekin batera balioa galtzen: irauten dute».

Irratiko zutabeetan, Atxaga aste osoan pentsatutakoa azaltzen saiatu da, eta sarritan talka izan du abiapuntu: «Errealitatearekin talka, tope, egin dudanean, hortik abiatuta, gogoeta eginez, antolatu ditut testuak». 2016ko udazkenetik aurtengo udara bitartean ondutako artikuluak dira liburuan bildu dituenak, eta aitortu duenez, bakar bat ere ez zitzaion eskura bakarrik etorri: oztopoak gaindituta eraiki zituen guztiak, kilkerrak autopistan bezala, «pentsamendu kritikoak dakartzan zailtasunekin».

Artolarena ez ezik, Joseba Sarrionandiaren hitzaurrea ere badu lanak. Sarrionandia ahots kritikoen premiaz mintzatu da: «Kilker bat bezala paratu beharra dago autopistako zangan, inork entzuten edo ulertzen ez duen mezu batekin apika, jendearen bizitza ziztu bizian doan artean».

Zerura igo da

Idazleak hiru ataletan banatu du liburua, hiru garaitan irakurri zituelako testuak: lehenengoari Minutuak kontatuta izena jarri dio, hasieran, 2016 eta 2017 artean, zutabeak hamar minutukoak zirelako, eta idazlea «erlojuaren aurka» aritzen zelako. Bigarrenak Zeruko kronikak izena du, haren aurreko euskal idazleak aipatzeko modu baten bila zegoela fikziora jo zuelako: zerura. «Denak zeruan daudenez, ni ere joan nintzen zerura, eta hor egokitu nituen denak». Hirugarrena, Lagunarteko kontuak izenekoa, aurten idatzitako testuekin osatu du, eta adiskideekin izandako solasaldietan oinarritu. Oztopoak izan ditu, jakina, izurriak kontaktuak murriztera behartu baitu.  

Atxagarentzat, bigarren pasartea da bereziena, idazle askorekin elkartu baita testuetan: Julio Caro Baroja, Andolin Eguzkitza, Virginia Woolf, Gabriel Aresti... Testuetako batzuk idaztea hunkigarri gertatu zaio, baina umoretik egin ditu hein handi batean. Umorea du oinarri idazleak aurkezpenean adibidetzat jarritako pasarteak ere: «Zerura egin nuen aurreneko joanean Koldo Mitxelenarekin egokitu nintzen zeruko atean. Ari zen erretzen, zigarroa erretzen, hemen, munduan erretzen zuen bezala. Esan nion: orduan zu ere zeruan zaude? Eta esan zidan: bai, aukera eman zidaten zeruan edo infernuan egoteko, baina infernuan erretzea galarazita dago».

Irratian aireratutako testuek ahozko kutsu nabarmena zutenez, papererako egokitu behar izan ditu. Asun Garikanoren laguntzarekin editatu ditu, eta «lan itzela» izan dela aitortu du: «Liburuak esanaren kutsua hartu behar zuen, baina aldi berean testu izan. Gutxienez hiru hilabete hartu zituen lan horrek». Emaitza, 342 orriko liburua da. Artolak hitzaurrean dioen moduan, «

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Nelly Arcan idazle quebectarra (1973-2009). ©ADAM BILINSKI

Luxuaren azpietatik

Itziar Ugarte Irizar

Literatura ikasketak egin artean luxuzko 'scort' lanetan aritu zen Nelly Arcan idazlea, eta garai hartan ikusitakoak garratz aletu zituen 'Puta' bere lehen eleberrian. Euskarara ekarri berri dute.
Michael Jacksonek 24 urte zituen <em>Thriller</em> kaleratu zuenean. ©BERRIA

Pop musika irauli zuen diskoa

Mikel Lizarralde

1982an argitaratu zuen Michael Jacksonek 'Thriller', eta, 40 urte geroago, historian gehien saldutako diskoen artean segitzeaz gain, kantariaren obra nagusia da. Hainbat bitxikeriarekin berrargitaratu berri dute.
 ©NEVER FOR EVER

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.