Espazioa

Euskal Herrian eginiko optika zuen galduriko sateliteak

Hamairu urteko eta milioika euroko lana hauts bihurtzen ikusi zuten atzo Getxoko Sener enpresako ingeniariek.

Getxoko Sener konpainiak bi injeniari, 'SEOSAT-Ingenio' sateliteko teleskopoa muntatzen. SENER
Edu Lartzanguren.
2020ko azaroaren 18a
18:43
Entzun

Galdutzat eman zuen atzo Europako Espazio Agentziak Vega VV17 misioa. Suziriak bi satelite zeramatzan, haiek orbitan jartzeko: ESAren SEOSAT-Ingenio eta CNES Frantziako espazio agentziaren Taranis. Lehenengo gailuaren zati bat Euskal Herrian diseinatu eta egin zuten. Getxoko (Bizkaia) Sener enpresako ingeniariak 13 urtez aritu ziren horretan.

Espero bezala aireratu zen suziria Kouroutik (Guyana Frantsesa). Gailuaren lehen hiru faseek ongi bete zuten lana, baina gailuak airean zortzi minutu zeramanean, laugarrena piztu zuten. Orduan suziria desbideratzen ari zela sumatu zuten. Gailuaren kontrola galdu zuten, eta, horrekin, misioa.

Lurrera erori zen suziria, inor bizi ez den gune batean, eta erabat suntsitu ziren zeramatzan bi sateliteak, ehunka euroren baliokoak.

2006. urtetik aritu dira Getxoko Senerren satelitearen tresnarik garrantzitsuena eraikitzen, eta iaz entregatu zuten, espaziora bidal zezaten. SEOSAT-Ingenio irudiak hartzeko satelitea zen. Horren kamera egin zuten Senerkoek. Hainbat uhin motatako irudiak har zitzakeen, bereizmen handiz. Lurraren argazkiak hartu behar zituen etengabe, tartean Euskal Herrikoak. Egunero 2,5 miloi kilometro koadro erretratatu behar zituen.

670 kilometroko orbita batean jarri nahi zuten, eta han eduki zazpi urtez lanean.

Baina, azkenean, urte askoko lana hauts bihurtu da, suziria muntatzeko orduan eginiko giza huts batengatik, ESAk esan duenez.

«Egoera bikoitzean gaude», esan du gaur, ETB1en, Sener enpresako antolakuntza zuzendari Iñaki Pintok. «Alde batetik, harro sentitzen gara halako tresna zaila eta garrantzitsua egin dugulako; beste alde batetik, pena dugu, satelite hori ez delako orbitan egongo bere helburua betetzen. Gure bizitzako atal garrantzitsu bat utzi dugu».

Getxoko enpresak lan asko egin ditu espaziorako teknologiaren alorrean: besteak beste, espazio teleskopioetarako HI-Prest izeneko zehaztasun handiko eskaner bat, eta William Herschel teleskopioarentzako zuzentzaile optiko bat. ESAren Juice satelitearen eguzki panelak lurrean ezartzeko muntatzean parte hartzen ari da. Jupiter planetaren atmosfera ikertzea da satelite horren helburua, baita Europa, Kalisto eta Ganimedes ilargiak ere. 97 metro koadroko eguzki panelak izango ditu Juice-k.

Vega VV17 misioak huts egin izanak ez dio kalterik egingo enpresari, eurek kontratua bete eta gailua entregatu egin zutelako. ESAk ikerketa zabaldu du hutsegitearen arrazoiak eta erantzukizunak argitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.