Literatura

Unerik soilenen kontakizuna

‘Paperezko ahozapietan idatzitako ipuinak’ liburua eman dute Ana Urkizak eta Begoña Durrutik, narrazio labur-laburrez eta irudi "askez" osatutako lana.

Begoña Durruti ilustratzailea eta Ana Urkiza idazlea, gaur goizean, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
itziar ugarte irizar
2020ko azaroaren 19a
16:14
Entzun

Ez dira berez balio handia duten zerbait. Hartu, ezpain ertza edo hatz punta lehortu, eta zimurtuta badoa ahozapia lurrera. «Baina zerk du balioa?», galdera Ana Urkizak (Ondarroa, Bizkaia, 1969). «Gauza handia izan behar du derrigor, ala momentuan behar dugunari erantzuten dion zerbait?». Ezagutu ditu ahozapiei ezohiko erabilera eman dietenak: iloba bat, ume zenean amaren bitxiak ahozapietan bildu eta bolatxoak etxe guztian sakabanatzen zituena; edo lankide bat, pintxo bat jatera ateratzen zirenean, bi ahozapirekin muturra garbitu eta hirugarren bat poltsikoan sartzen zuena, bikotekidea ezagutu zueneko pasadizoa gogora ekartzen ziolako. Irudi horiek gogoan, ahozapi batean kabitzeko bezain laburrak diren ipuinak idatzi, horiek irudiz janzteko amua Begoña Durruti (Arizkun, Nafarroa, 1968) ilustratzaileari jarri, eta hala ondu dute elkarrekin Paperezko ahozapietan idatzitako ipuinak. Urkiza: «Esaten da une eder txiki askok sortzen dutela zoriona, eta ipuin hauek ere badute hortik; gorazarre egiten diote txikitasunari, laburrean aritzeari, behar duzunari erantzuten jakiteari eta, batez ere, unea goxatzeari».

Elkarrek argitaratu du lana, eta bertako editore Xabier Mendigurenek ere ideia soil bati emandako dimentsioa goraipatu du: «Itxuraz xumeak diren marrazkitxoak eta ipuinak dira, baina, elkarrekin, xumetasun horretatik harago doan zerbait sortu dute bien artean».

Urkizaren ustetan, oso gutxi dira helduentzako tankera honetako liburuak, eta hori ere izan du lanerako akuilu. Ezagutzen zuen Durrutiren lana, eta harengana jo zuen zuzen proposamenarekin. Bere etxera joan, karpeta bete ipuin utzi, eta hamabost egunean bueltan deituko ziola esan zion ilustratzaileak. «Baina ez zuen deitzen, eta hasita nengoen txarrena pentsatzen. Deitu nion nik azkenean, eta zuzen erantzun zidan: ‘Lanean nabil! Zirriborroak egiten hasi eta ezin izan dut utzi’». Sorta bat egina zuenean erakutsi zizkion, eta berak «hasieratik amets egindakoa» ikusi zuela bertan aipatu du Urkizak. «Gutxirekin asko esaten dakiten marrazkiak dira; iradokitzaileak, arduragabeak... eta batez ere gustatzen zaidana da ipuinei beren ertzetatik tenk egiten dietela; ez dira osagarriak, beste ipuin bat dira, nirearen atzetik, ondotik edo aurretik doazenak».

 

Irudien narrazioa bosnaka

Marrazkiak osatuz joan bitartean «aske» aritu izana nabarmendu du Durrutik. Urkizak idatzitakoak, finean,«bizitzari» buruz ari direla iruditzen zaio, maitasuna, heriotza, giza harremanak eta beste agertzen dutenak. «Denek eskatzen dute barnera begiratzea; nik hala egin dut, traumatikoa izan gabe, eta hortik saiatu naiz aske eta zintzo izaten». Tinta beltzarekin eta akuarela horiarekin osatu ditu irudiak, lehenengo orban horia zabaldu orrian, «zirri-zarra», eta gainean trazu beltzak eginez. «Bost-hamar aldiz egin dut marrazki bakoitza. Kenduz eta kenduz. Lurrera botatzen nuen aproposa zena, eta zakarrontzira besteak». Ahozapiak nola. Eta beste elementu berezi bat ere badute irudiek: bosnaka datoz. Arizkuneko hainbat tokitan ezagututako marratxoen bidez kontatzeko modua erabili du: marratxo bat, bi, hiru, lau eta bosgarrena zeharrean. «Presoak bezala», Mendigurenek. Azalean ere irudikatu dute ordena hori.

Ironikoagoak, dramatikoagoak, fantastikoagoak... Denak «sorpresatik eta harriduratik» sortuz joandako istorioak direla zehaztu du Urkizak. Mendigurenek galdegin dio ea aurrez landutako narrazio eta aforismo generoen uztartze bat izan ote duen lan hau. Erdibidetik, «jauzi bat» izan dela aipatu du egileak. «Azkenaldian, labur esateko gogo horrekin egon naiteke. Inpaktu asko jasotzen ditugu, eta uste dut horien berri emateko formatu egokia dela». Ahozapietatik abiatuta, ideia paradoxikoa erantsi du: «Hau opari bat da, luxu bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.