Hezkuntza

LOMLOEri lehen oniritzia eman dio Espainiako Kongresuak

Hezkuntza lege berria babestea erabaki du EAJk; EH Bildu, berriz, abstenitu egin da. Horrela, Espainiako Kongresuak LOMCE legea indarrik gabe utzi du. Espainiako Senatuak onartzea falta da oraindik.

Isable Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroa, Espainiako Kongresura sartzen. MARISCAL
Irati Urdalleta Lete.
2020ko azaroaren 19a
17:04
Entzun

PPk gehiengo osoa baliatuta 2013an onartu zuen LOMCE legea erreformatzearen alde egin du Espainiako Kongresuko osoko bilkurak. «Hilda jaio da». Hala ziurtatu zion orduan BERRIAri egun Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministro den Isabel Zelaak, baina zazpi urte itxaron behar izan dute. Itxura guztien arabera, LOMLOE izango da Hego Euskal Herrian eragina izango duen hurrengo hezkuntza legea, oraindik Espainiako Senatutik igaro behar badu ere. Oso estu ibili dira gaur lehen onespenerako: lege proiektuak aldeko 176 boto behar zituen, eta 177 jaso ditu —PSOE, Unidas Podemos, ERC, EAJ eta Mas Pais, Equo, Nueva Canarias eta Compromis—; 148 diputatuk aurka bozkatu dute —PP, Ciudadanos, VOX, UPN, Coalicion Canaria, PRC eta Foro Asturias—; eta hamazazpi abstenitu egin dira —EH Bildu, Junts per Catalunya, BNG, Teruel Existe eta CUP—.

LOMCEn jasotako hainbat neurri bertan behera uztera dator LOMLOE. Aurrerantzean, Madrilek curriculumaren erdia zehaztuko du gehienez —%55 ezartzen zuen PSOEren azken hezkuntza legean— hizkuntza koofizialak dituzten erkidegoetan. Gainera, Erlijio ikasgaia ez da notarako izango, eta hori aukeratzen ez duten ikasleek ez dute ordezko ikasgairik izango. Horrez gain, legeak jaso du beste irakasgai bat emateko aukera: «Erlijioen kulturaren irakaskuntza ez konfesionala». Gaztelania irakaskuntzarako hizkuntza ez izatea. ERCk, Unidas Podemosek eta PSOEk adostutako zuzenketa hori izan da polemika eta protagonista nagusia legea osatzerako garaian, baita gaurko bozketan ere. Batez ere, Katalunian izango du eragina —auzitegiek hango murgiltze ereduaren auka egin izan dute—, baina bidea ireki dezake euskarazko murgiltze eredu orokorra ezartzeko ere. UPNrentzat «onartezina» da gaztelania ez izatea irakaskuntzarako hizkuntza. Antzeko bidetik jo dute Ciudadanosek, PPk eta VOXek ere. PSOEk erantzun die gaztelania bermatuta dagoela.

Bestelako aldaketa batzuk ere eragingo ditu legeak. Lau Batxilergo mota eskaintzeko aukera ireki dute: zientzia eta teknologia, giza eta gizarte zientziak, artea eta orokorra. Azken hori izango da berrikuntza, eta arlo zientifikoko eta letretako gaiak uztartuko ditu. Gainera, 0-3 urteko etaparako leku publiko gehiago jarriko dituzte; hezkuntza bereziko ikastetxeetatik ohiko ikastetxeetara pasatuko dituzte ikasleak hamar urteko epean; ez diete lurzoru publikorik emango itunpeko ikastetxeei; eta ez dute diru laguntza publikorik jasoko sexuaren arabera ikasleak banatzen dituzten eskolek. Hezkuntza publikoak izango duen papera zein den ere ageri da onartutako testuan: «Hezkuntza publikoa hezkuntza sistemaren ardatz egituratzailea da».

Gaur bertan egin dituzte hainbat aldaketa, azken zuzenketen bidez. Bakarra atera da aurrera: zergek zein egiteko daukaten ikasi beharko dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Balio Zibiko eta Etikoak izeneko ikasgaian. Gainera, ikasgai berean garrantzia emango zaio hausnarketa etikoari, eta, besteak beste, Espainiako Konstituzioa eta giza eskubideak eta haurren eskubideak ere landuko dituzte.

«LOMCE jaio zenetik, haren heriotza desiratu dugu, eta hori egiteko konpromisoa hartu genuen, eta hori daukagu jasota gure hauteskunde programan». Hala ziurtatu du Josune Gorospe EAJko diputatuak, eta alde bozkatu du alderdiak. Hezkuntza arloko eskumenak azpimarratu ditu: «Gure legea ez da ez LOMLOE, ez Espainiako beste edozein hezkuntza lege: EAJren legea laster Eusko Legebiltzarrean onartuko den euskal legea da». Hobekuntza batzuk zehaztu ditu: «hizkuntza propioak» indartzea proiektuaren testuan, curriculumaren «gutxiengoa» zehaztea (%50)... Itunpeko hezkuntzaz ere aritu da Gorospe. «Euskal hezkuntza sistema oinarri sendo batean dago oinarrituta: ikastetxe publikoak eta itunpekoak. Gure familiek berdin eskatzen dituzte». Hori dela eta, biak «argi» defendatzen dituztela ziurtatu du: «Ikastolak euskara berreskuratzeko gako izan dira, eta hala izaten jarraitzen dute; Kristau Eskola eta elizbarrutiko ikastetxeak gako izan dira, eta hala izaten jarraitzen dute proiektu interesgarriak egiteko, askotan, ikasle konplexuekin. Behar ditugu».

«EH Bilduk uste du lantzen ari garen legea gure helburuetatik oso urrun dagoela, ez dela aldaketarako behar dugun tresna», azpimarratu du Bel Pozueta diputatuak. Horrenbestez, abstentziora jo du koalizioak. Adierazi du legearen tramitazioan «irmoki» defendatu dutela hezkuntzako eskumen esklusiboak Nafarroako eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeei dagozkiela. Ez dute nahi Madrilek «nabarmen» zehaztea helburuak, konpetentziak, metodo pedagogikoak eta ebaluazio irizpideak: «Ez dugu izan nahi baimentzen digutenaren kudeatzaile hutsak». Onartu du aurrerapausoak eman direla arlo pedagogikoan eta eskumenetan, baina «motz» geratzen dela berretsi du. Ikastetxe publikoen zeregina ere zehaztu du: «Ikastetxe publikoen sareak bermatu behar du ikasle guztien hezkuntzarako eskubidea». Eta luzera begirako helburu bat jarri du: «Ikastetxe pribatu itunpekoak, negoziaketaren bidez edo boluntarioki, jabetza eta kudeaketa publikoko sarean sartzea».

Eskuina, haserre

Bestelako jarrera erakutsi dute eskuineko alderdiek. UPNko Sergio Sayasek askatasunaren aurkako «eraso» gisa definitu du legea: «Gaur eztabaidatzen dugun legea sektarismoaren eta askatasunaren aurkako erasoaren nahasketa da». Ildo beretik jo dute eskuineko gainerako alderdiek ere. Lege «sektarioa» dela nabarmendu du VOXek; «sakonki ideologizatua» da PPrentzat; eta Ciudadanosen iritziz ere, «ideologizatuta» dago. Hiru alderdiek aurreko astean iragarri zuten legea aurrera ateraz gero Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramango dutela. UPNk ere jakinarazi du errekurtsoa jarriko duela, PPrekin batera. Eztabaidaren amaieran, «askatasuna, askatasuna» oihuka aritu dira, besteak beste, PPko eta VOXeko diputatuak, eta, horri lotuta, PSOEko Luz Martinezek esan die askatasuna baliabideak dituztenentzat soilik eskatzen dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.