Literatura

Hamar sinadura Leteren ardatzean

Poetaren heriotzaren hamargarren urtemugan, hamar idazleren testu bana bildu du Balea Zuriak ‘Urrats Urratuak. Xabier Lete gogoan’ lanean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Ainhoa Urien, Lourdes Otaegi, Harkaitz Millan eta Arantxa Urretabizaia, gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundian, Donostian.
Ainhoa Urien, Lourdes Otaegi, Harkaitz Millan eta Arantxa Urretabizaia, gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundian, Donostian. Andoni Canellada / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2020ko azaroak 20

Arantxa Urretabizkaia, Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide, Lourdes Otaegi, Itxaro Borda, Inazio Mujika Iraola, Jon Gerediaga, Jon Martin, Alex Gurrutxaga eta Ainhoa Urien. Hamar sinadura, hamarrak Xabier Leteren bueltan bilduak. Gertutik zein azaletik ezagutu zutenak batzuk, batez ere haren obraren bitartez harengana helduak besteak. Hamar urte beteko dira aste bi barru poeta eta musikaria zendu zela, abenduaren 4an, eta urteurrena omenaldirako baliatuz, hamar idazle eta ikerlariren testuak Urrats urratuak. Xabier Lete gogoan liburuan batu ditu Balea Zuria argitaletxeak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du argitalpenak, eta Harkaitz Millan kultura diputatuak egin dio liburuari hitzaurrea. Saila une batez aparte utzita, modu pertsonalean beretzat proiektuaren parte izatea berezia izan dela aipatu du aurkezpenean. «Esperientzia pertsonalak ere badu pisua halako gauzetan, eta niretzat oso maitea da [Lete]; haurtzarotik nerabezaroko trantsizioan musika berezia izan zen Leterena gure etxean». Euskaldun askorentzat olerkigintzaren «atea» izan dela ere aipatu du, eta euskal tradizioa ekartzeko egindako «dibulgazio lana» aitortu dio. «Nire belaunalditik aurrerakoek, batez ere, hari esker ezagutu ahal izan ditugu hainbat lan. Euskaldun asko sentitu gaitezke bere eboluzioan eta pentsakeran islatuta, euskararen eta askatasunaren aldeko konpromisoagatik».

Liburuan parte hartu dutenen artetik, Urretabizkaia, Otaegi eta Urien izan dira lanaren aurkezpenean. Proiektuaren izaera korala aipatu dute argitaletxeko kideek, eta horren erakusle dira hiru horien testuak. Urretabizkaiaren kasuan, 2002an Leteri egin zion elkarrizketa bat berreskuratu du, Hermes aldizkarian argitaratu zena.«Egin ditudan elkarrizketa guztien artetik hau da denetan hunkigarriena, eta iruditzen zait merezi zuela zabalkundea».

Luzez ibili zen Urretabizkaia Leteren atzetik elkarrizketa eskatuz. «Beti esaten zidan: ‘Deitu datorren astean’. Datorren astean deitu, eta Lurdesek esaten zuen: ‘Deitu udaberrian’. Horrela urteetan, lortu nuen arte». Donostiako Maria Cristina hotelean egin zuten. «Dotore-dotore». Testua bidaltzeko eskatu ziola ere oroitu du, bere buruaz fidatzen ez zela eta. «E-mailik ere ez zuenez, Urnietara eraman behar izan nion, buzoian utzi, eta gero hitz bat ez zuen aldatu». Ziurtzat du, bada, horiek direla poetak orduan esan nahi zituenak.

Bi ildo nagusi ditu elkarrizketak, biak intereskoak egun ere Urretabizkaiarentzat. Lehena, abertzaletasunaren eta nazionalismoaren arteko gogoeta. «Bi gauza ezberdinak ziren Leterentzat; niretzat ere bai». Eta bigarrena gaitzaren eta minaren ingurukoa. «Irakurlea etor liteke bat ala ez, ildo batean edo bestean esaten direnekin, baina seguru hausnarketarako bidea emango diola».

Egun elurtuetaraino

Liburuaren ezaugarri nagusia «askotarikotasuna» dela nabarmendu du Otaegik ere, Leteren bueltan egindako hurbilpen ugari jasotzen dituela. Mujika Iraolaren artikulua aipatu du, «poetaren material autobiografikoen iturrien biltze guztiz interesgarri» bezala. Edo Igerabide, Lertxundi eta Bordarenak, zeinak «hurbiltze aski pertsonala» egin duten, Otaegiren hitzetan, «idazle kategoriatik hitz eginez».
Beste sail batean sartuko lituzke Leteren obraren inguruko azterketa kritikoa egin dutenen testuak, Gurutxagaren eta Martinenak, kasurako, zeintzuek Leteren poesian beraiek zer topatu duten deskribatu duten. Eta arlo horretan kokatu du bere ekarpena ere. Aurretik Leteri buruz argitaratu dituenen jarraipena dela adierazi du: «Errekuperatu nahi izan dut lehen Leteren inguruko testuen edukia eta batez ere haien genealogia: nondik edaten zuen, zertan oinarritzen zen bere elaborazio poetikoetan. Hori ikertzen saiatu naiz, eta bereziki poesia soziala deitzen dugun arlo horretan zenbateraino ahazten ditugun erreferente ez hain hurbilak, esaterako, Blas de Otero bezalakoak, Leterengana Gabriel Arestiren bidez heldu zirenak».

Jauzi bat egin eta «kritikoki arriskatuz» ahalegina egin duela ere aurreratu du, Pablo Nerudaren gisako poetek euskal literaturan izandako eragina ikertuz. «Bereziki fondo gordeetan dagoen Xabier Lete eta Lurdes Iriondoren artxibo guztiz interesgarri horri balioa eman nahirik, hor dagoen materialak Lete hobeto ezagutzeko bidea eskainiko digula iradoki nahiez».

Ainhoa Urienek hartu du ondotik hitza. Poesia, zaurien ukendu. Xabier Leteren arrastoan kaleratu du Pamielarekin berriki, eta lan honetan parte hartzeak aurrekoarekin geratu zitzaion arantza bat ateratzeko aukera eman diola aipatu du: «Leterengan paisaia ederrek duten garrantzia aztertzea». Bianditz  gailurraren bestaldean jarri dio izena, Oiartzungo (Gipuzkoa) mendi horren bueltan osatu du libururako kontakizun literarioa. «Badakit Leterentzat Bianditzek zein sinbologia berezi daukan, markatzen duelako muga bat, Nafarroarekin, iraganarekin, etorkizunarekin». Eremu horri begira idatzi du, Lete mendian gora irudikatuz, heriotzara bidean joango balitz bezala. «Azken poemetan lantzen dituelako Bianditzen antz handia duten paisaia ederrak. Eta nire susmoa zen ez ote zituen paisaia horiek poesia bihurtu hain zuzen bere heriotzara bidean sosegu izan zitezen». Gogora ekarri du negua eta elurra ere lotzen zituela heriotzarekin Letek, eta nola agertu zen Bianditz elurtuta bera hil zen egunean, bost urte lehenago Iriondo hil zen egunean gertatu bezalaxe. «Bada berezitasun polit bat».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Kirmen Uribe, Bilbon, iazko abenduaren 18an. ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Kirmen Uriberen 'Bilbao-New York-Bilbao' berrargitaratu dute

Joana Ibargarai

Elkarren Mintegia bildumako lehen liburua da. 2008an kaleratu zuten lehen aldiz lana, eta pasarte batzuk gehituta eman dute argitalpen berria
Ezker eskuin, Markel Idigoras, Eider Saez, Olatz Cuevas eta Alex Irazusta Nogen taldeko kideetako lau, Donostian. ©Gorka Rubio / Foku

Nogen taldeak 'Under alt' plazaratu du, estudioko bere bigarren lan luzea

Ainhoa Sarasola

Bederatzi kantu bildu ditu disko berrian, eta estilo berari eutsi arren, taldearen «eboluzio naturala» islatzen duela uste du taldeak. Abenduan hasiko dute aurkezpen bira. Diskoa, berriz, gauerdian jarriko dute entzungai plataformetan; baita fisikoki eskuratzeko moduan ere, taldearen webgunean. 

Ibon Aranberri artista 'Zulo beltzen geometria' lana alboan duela ©Jaizki Fontaneda/ Foku

Aranberriren pieza bat erosi eta ikusgai jarri du Bilboko Arte Ederren Museoak

Iñigo Astiz

2003an kobazulo baten sarbidea ixteko sortutako altzairuzko horma desmuntatu, eta eskultura independente modura aurkeztu du orain sortzaileak: 'Zulo beltzen geometria'

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna