Euskal presoak

Sarek mobilizazioak antolatu ditu, salbuespenezko espetxe politika amaitzeko eskatzeko

Sarek azaldu duenez, ehun mobilizazio baino gehiago egingo dituzte asteburuan. Besteak beste, larriki gaixo dauden presoak askatzeko eta urrunketa politika amaitzeko eskatu dute.

Sarek antolatutako mobilizazio bat Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko azaroaren 21a
16:54
Entzun

Sarek ehun mobilizazio baino gehiago antolatu ditu astebururako, Izan Bidea dinamikaren baitan. Ohar bidez azaldu dutenez, dinamika bera zabaltzea dute helburu, baita ahalik eta herritar gehienek parte hartzea ere. «Salbuespenezko espetxe politika amaitzeko beharra kalean aldarrikatu dugu, egoera zaila izan arren, eta guztion segurtasuna dela eta, arduraz jokatzea dagokigun arren».

COVID-19aren ondorioz, espetxeetako egoerak okerrera egin duela salatu dute, egoera zaildu egin dela presoentzat nahiz senideentzat. Hori dela eta, eskatu dute «oinarrizkoak, urgentziazkoak eta beharrezkoak» diren pausoak emateko: larriki gaixo dauden presoak kaleratzeko; urruntze politika amaitzeko; gradu aldaketak ahalbidetzeko, presoek etxeratze prozesuak hasi ditzaten; zigorrak batzeko; eta bakartuta dauden emakume presoak elkartzeko. Finean, gauza bakarra eskatzen dutela diote: salbuespen legedia bertan behera lagatzeko eta lege arrunta ezartzeko.

Une historikoa dela nabarmendu du Sarek: «Batetik, Euskal Herri mailan, gehiengo politiko, instituzional, sindikal eta soziala batzen dute salbuespen legedia bertan behera geratzeko lortutako adostasunek eta akordioek. Bestetik, Madrilen eta Parisen ere espetxe politika aldatzeko borondatea agertu dute lehen aldiz, eman diren urratsak, arnasgune izanda ere, nahikoa ez izan arren».

Urtarrilaren 9rako deialdia ere luzatu dute. Urteroko manifestazio jendetsua Bilbon egin beharrean, herriz herri elkartzeko eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.