Frantziako Estatuaren «errepresioaren» kontra manifestazioa egin dute Baionan

15:00ean elkartu dira herriko etxe aitzinean, eta handik abiatu da manifestaldia. Askoratiko aldarriak oihukatu dituzte, denak «sistema kapitalistak ekarritako ondorioen» kontrakoak. Segurtasun Orokorreko legearen kontra egin dute.

500 bat lagun elkartu dira manifestazioan, Baionako karriketan. J. IBARGARAI
Joana Ibargarai Leritza.
2020ko azaroaren 21a
19:14
Entzun

Jaka Horiek egina zuten deialdi bat, baina beste talde batzuek ere emana zuten hitzordua. «Ez dugu nahi etiketarik, sare ezberdinetatik egin dugu deia. Berdin du nork antolatzen duen, kexu garen pertsonak gara, hemen elkartuak», erran du antolatzaileetako batek, izenik eman gabe. Mikrofonoa hainbat eskutatik pasatu da eta azken hilabeteetan Frantziako Estatuak ezarritako hamaika lege «zapaltzaileen» kontra egin dute hizlariek. «Oinarrizko eskubideak ukatzen dizkigute. Askatasun guziak banaka kentzen. Larrialdi egoerak, salbuespenezko egoerak... Edozein aitzakia baliatzen ari dira horretarako, den-dena kontrolpean atxikitzeko, beti berak zapaltzeko. Pentsatzeko, kritikatzeko eta antolatzeko eskubidea kendu nahi digute», nabarmendu du La Libre Pensee elkarteko kide batek. 500 bat lagun elkartu dira manifestazioan.

Hizlariek azken egunotan anitz aipatu den Segurtasun Orokorreko legeari erreferentzia egin diote behin eta berriz, ez dutela onartuko oihukatuz. Izan ere, legearen 24. artikuluak Frantziako Poliziaren irudiak filmatu eta zabaltzea debekatu nahi du, «polizien integritate fisiko eta moralaren kontra» doan kasuetan. Bestalde, Segurtasun Orokorraren Lege proiektuak aukera emango du Frantziako Poliziak bere jardunean —atxilotzeak, manifestazioak...— erabiltzen dituen bideokameren irudiak polizia etxeetara zuzenean konektatzeko. Teknika horren bidez, zuzeneko irudiak ikusi ahalko lituzkete, beraz. Orain arte, poliziek ez dute irudiak begiratzeko eskubiderik izan: ikerketa baten harira, epaileak soilik eman dezake baimena. Molde berean, droneen irudiak zuzenean ikusteko modua izango lukete.

Legea pasatu gabe ere, mehatxuak

Lanean ari zela Frantziako Poliziaren mehatxuak jasan behar izan zituela salatu zuen Guillaume Fauveau argazkilariak, azaroaren 17an. BERRIAko, Kazeta.eus atariko, Gara-eko eta Mediabask-eko argazkilaria da Fauveau, eta Baionako Alsace-Lorraine karrikan aritu zen lanean, Frantziako Poliziaren kontrol operazio batean. Bi poliziak prentsa agiria galdetu zioten, eta Fauveauk erakutsi zien. Hortik minutu gutxira, beste bi polizia hurbildu zitzaizkion, eta argazkiak hartzeari uzteko eskatu zioten. Gainera, gelditzen ez bazen salaketa jarriko ziotela esan zioten, mehatxatuz. Gertakari horren ondorioz, 60 kazetari baino gehiagok sostengua helarazi diote Fauveauri

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.