HEZKUNTZA

Haurreskolak partzuergoko sindikatuek abenduan bi greba egun egitera deitu dute

LAB, ELA eta Steilas sindikatuek lan hitzarmenak eta akordioak betetzeko eta negoziatzeko eskatu diote Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritzari eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Abenduaren 10ean eta 16an egingo dute greba.

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek agerraldia egin dute Bilbon, Haurreskolak Partzuergoko greben berri emateko. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko azaroaren 23a
12:49
Entzun

Lan hitzarmenak zein akordioak betetzeko eta negoziatzeko eskatzeko, Haurreskolak partzuergoko sindikatuek greba egunak egingo dituzte datorren hilabetean; hain zuzen, abenduaren 10ean eta 16an. Halere, urrian ekin zieten mobilizazioei, Eusko Jaurlaritza haurreskolen etorkizuna «kolokan» jartzen ari zela iritzita. Oraingoan, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek aurrekontu falta salatu dute, eta lan hitzarmenak eta sinatuta dauden akordioak betetzen ez direla nabarmendu: «Ikasturte honetan oraindik mahai negoziatzailera deitu gabe jarraitzen dute; pazientzia agortu zaigu».

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Haurreskolak partzuergoko zuzendaritza jarri dute sindikatuek gatazkaren erdigunean. Zehazki, uste dute horiek direla haur eskolak «albo batera uztearen» arduradunak. Adierazi dutenez, hitzarmenik gabe, langileen lan baldintzak «okertu» egin dira, eta zerbitzuaren kalitatea ere «kolokan» jarri dute. Are, uste dute irakaskuntza publikoko gainontzeko kolektiboetan urratsak egin direla, baina ez beraienean: «Gure eskubideak zapalduta ikusten ditugu egunero; Eusko Jaurlaritzak Haurreskolak partzuergo publikoaren etorkizuna kolokan jartzen du».

Egoerari konponbide bat eman nahi diote sindikatuek. Batetik, Zorione Etxezarraga Haurreskolak partzuergoko kudeatzaileari lan hitzarmenak betetzen eta negoziatzen hasteko konpromisoa har dezala eskatu diote langileen ordezkariek; adibidez, ordezkapenak betetzeko. Hala ere,kudeatzailearen dimisioa ere exijitu dute. Bestetik, Hezkuntza Sailari Haurreskolak Partzuergoak sailaren barnean integratzeko eskatu diote, eta baita hurrengo urteetako aurrekontuak handitzeko ere. «0-3 hezkuntza zikloaren garrantzia aitortzeko eskatzeaz gain, jaiotzatik hezkuntza eskubidea aldarrikatzen dugu, eta, horregatik, Haurreskolak partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatzen dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.