ESPAINIAKO AURREKONTUAK

EAJk aurrekontuen alde bozkatuko du

Estebanek iragarri du akordioa lortu dutela Espainiako Gobernuarekin.

Esteban (EAJ), Sanchez (PSOE) eta Echeniqueren (UP) artean. EFE
Igor Susaeta.
2020ko azaroaren 24a
13:28
Entzun

EAJk Espainiako Gobernuaren aurrekontuei baietza emango diela jakinarazi du Aitor Esteban jeltzaleen Kongresuko bozeramaileak, Madrilen prentsaren aurrean egindako agerraldian. Adierazi duenez, gaur arte neurri gehiago negoziatzen aritu dira Espainiako Gobernuarekin, eta horrek ahalbidetu du EAJk aurrekontuak babestea. Estebanen esanetan, ikerkuntzarako eta garapenerako «inbertsio gehiago» izango dituzte aurrekontuek, eta Loiolako kuarteleko lurrak Donostiako Udalaren esku geratuko dira 2021ean. Besteak beste, horiek adostu ditu EAJk Espainiako Gobernuarekin.

Aurrez, beste lau zuzenketa onartuak zizkion Espainiako Gobernuak: petrolioaren zerga ez igotzea, makina-erremintarentzako 50 milioiko diru sail bat sortzea, Bilbon Zorrotzako tren geltokia lurperatzea eta hezkuntza duala unibertsitatera eramatea. EAJk joan den ostiralean eman zuen horien berri. Jeltzaleek 85 zuzenketa partzial jarri zizkieten aurrekontuei, eta, Estebanen arabera, gutxi gorabehera horien «erdiak» onartu ditu PSOEk eta UP Unidas Podemosek osatutako gobernuak. Hori dela eta, gustura dago jeltzaleen bozeramailea.

Aipatu du, gainera, lortutako akordioaren bidez inbertsioak egingo direla Forondako aireportuan, Jundizko plataforma logistikoan —Gasteiztik gertu—, baita tren geltokietan ere. Loiolako lurrei buruz nabarmendu du «ezinbestekoak» direla hiriaren garapen urbanistikorako, «non etxebizitza aukera hain urria eta garestia den». Defentsa Ministerioak udalari emango dizkio lur horiek. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak joan den astean esan zuen EAJ «lehentasunezko» sozioa dela.

Datorren astean dira aurrekontuak eztabaidatzekoak eta bozkatzekoak, Espainiako Kongresuan. EH Bilduk koalizioaren militanteen esku utzi du azken erabakia, baina mahai politikoa horiek babestearen alde agertu zen atzo, eta hori eskatu die oinarriei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.