Pedro Sanchezek EAJri adierazi dio «lehentasunezko» sozioa dela

Aitor Esteban jeltzalearen iritziz, nahiko luketenetik «urrun» daude aurrekontuetako diru sailak

Aitor Esteban (EAJ) eta Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroa, atzo, hizketan. EMILIO NARANJO / EFE.
Gurutze Izagirre Intxauspe - Igor Susaeta
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Gobernua kontrolatzeko saioa egin zuten atzo Espainiako Kongresuan, eta 2021erako aurrekontuak izan zituzten hizpide gobernuburuari egin beharreko galdera nagusietan. Hainbat alderdik galdetu zioten Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari gai horren gainean, ertz diferenteetatik. Aitor Esteban EAJko diputatua izan zen horietako bat. Galdetu zion ea zer jarrerarekin egingo dion aurre EAJk eskatutako konpromisoei; izan ere, aurkeztu diren diru sailak ikusita, Estebanen ustez, nahi luketenetatik «urrun» daude. EAJk nahiko lituzkeen funts nagusiak Europako Erresilientzia Funtsen partean daude, «eta taldeok ezin dugu horren gainean zuzenketarik egin», ohartarazi zion Sanchezi. Sanchezek erantzun zion EAJ sozio «estrategikoa eta lehentasunezkoa» dela aurrekontuak onartzeko garaian. Mugimendua eginez erakusten dela erantzun zion Estebanek: «Guretzat, konpromisoak garrantzitsuak dira, serio hartzen ditugulako». Pedro Sanchezek esan zion Maria Jesus Montero Ogasun ministroaren eskua luzatua duela, konpromisoak ixteko.

Kongresuan hitz egin ondoren, Estebanek TVEri egindako adierazpenetan azaldu zuenez, kontua ez da lehentasunezko soziotzat hartzea, baizik eta konpromisoak betetzea. AHTaren adibidea jarri zuen: «Otsailean ozen eta argi iragarri zuten Adifek baiezkoa eman ziola; sinatzea bazegoen: zeren zain gaude?». Onartu zuen, halere, negoziazioetan egon direla aurrerapausoak, baina oraindik asko falta dela azaldu zuen.

ERC Esquerra Republicanak eta EH Bilduk UP Unidas Podemosekin batera aurkeztutako zuzenketa partzialari dagokionez, Estebani «kezkatzekoa» iruditzen zaio gobernua osatzen duen alderdi batek, eta aurrekontu proiektua aurkeztu berri duenak gainera, gero beste bi alderdirekin gobernuak aurkeztutako aurrekontuei zuzenketa bat jartzea. Herenegun, ERCk, EH Bilduk eta Unidas Podemosek iragarri zuten zuzenketa partzial bat aurkeztu diotela aurrekontu proposamenari, etxegabetzeak 2022ra arte debekatzeko.

Mendia, kritiko UPrekin

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordeak eta PSE-EEko idazkari nagusiak ere kritikatu zuen Unidas Podemosek zuzenketa hori jarri izana. «Erakusten dute ez dakitela gobernua izaten, ezta koalizio gobernua ere». Onda Vascari egindako adierazpenetan esan zuenez, «jakin behar da gobernu baten barruan zaudenean barruan negoziatzen; ez dira zuzenketak kanpoan negoziatzen». «Gobernua izaten eta koalizio gobernua izaten ikasi egiten da; kostatzen ari zaiela ematen du, baina ikastea espero dut», gaineratu zuen.

Miren Gorrotxategi EP Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileari gaiaz galdetu zioten atzo, eta adierazi zuen UP «leial» zaiola gobernuari, eta Sanchezek hala sentitzen duela.

Efe berri agentziak iturri sozialistak aipatuz kaleratu zuenez, PSOEk lehen kolpean ez du onartuko EH Bilduk, ERCk eta Unidas Podemosek aurkeztutako zuzenketa. Nadie Calviño Ekonomia ministroari zuzenketa horri buruz galdetu zioten atzo Onda Cero irratian, eta gogoratu zuen 2021eko urtarrilaren 31 arte debekatuta daudela COVID-19agatik egoera zaurgarrian daudenen etxegabetzeak. «Zer nahi duzue esatea? Ekintza batzuek ikusgarritasuna bilatzen dute», gehitu zuen, alderdiaren izena aipatu gabe Unidas Podemosi hori leporatuz: «Etxegabetzeak saihestu behar dira, baina segurtasun juridikoa ere bermatu behar da».

Bestalde, EH Bilduk 29 zuzenketa partzial egin dizkio Espainiako Gobernuak planteatutako aurrekontu proposamenari, eta horiek helburu dute sektore publikoa indartzea, Espainiatik Hego Euskal Herrira iristen den trenbide sarea hobetzea, eta, besteak beste, krisian dauden sektoreak erdigunera eramatea.

Zuzenketetako batean, Espainiako Gobernuari eskatzen dio mugatu dezala etxebizitzen alokairuen prezioa, datozen sei hilabeteetan etxebizitza lege berri bat aurkeztuta. Eta 12 milioi euroko diru sail bat proposatu du, gainera, Naval ontziolan salgai dauden zatiak erosteko. Horrek helburu luke, hain zuzen, lur horiek publiko bilakatzea, eta inbertsiogile berrien bilaketa erraztea eta arintzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.