Madrilgo aurrekontuak babesteko eskatu die EH Bilduk militanteei

Espainiako Gobernuaren aurrekontuei baietza ematea hobetsi du, «eskubideak lortzeko eta eskuina geratzeko». Militanteek etzi bozkatuko dute. EAJk esan du aurrerapausoak eman dituztela

EH Bilduren mahai politikoa bilduta, atzo. EH BILDU.
gurutze izagirre intxauspe
2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak iragarri du Espainiako Gobernuaren 2021erako aurrekontu proiektuari baietza ematearen alde egin duela koalizioaren mahai politikoak, baina azken hitza militanteek izango dute. Ezohiko batzar batera deitu dituzte militanteak ostegunerako, eta hor bozkatuko da. Prozesu parte hartzaileen alde eginda, azken erabakia militanteen esku uztea erabaki dute, aurreratuta mahai politikoaren jarrera zera dela: PSOE-Unidas Podemosen gobernuaren aurrekontuei baietza ematea.

Marko honetan kokatu du baietza, Espainiako Kongresura joateko bi arrazoi nagusi emanda: «Eskuin autoritarioa geratzea eta Euskal Herriarentzako eskubideak irabaztea». Madrilen bide hori ibili dutela azaldu du Otegik: «Zentsura mozioan parte hartu genuen; PP gobernutik kendu genuen; Sanchezen inbestiduran parte hartu genuen, eta PSOEren eta Unidas Podemosen arteko gobernuari bide eman genion». Aukera berriak ikusi zituzten. Aukera leiho hori irekita mantendu nahi dutela defendatu du, eta eskubideak irabazteko eta eskuina geratzeko bide horretan aukerak daudelakoan, aurrekontuak babestearen alde egin dute.

Ohartarazi du lehentasuntzat dutela Madrilen eskuin muturra geratzea, eta hor Ciudadanos ere badagoela azpimarratu du: «Horretan ez gara tronpatzen».

Eneko Andueza PSE-EEko Eusko Legebiltzarreko eledunak ontzat jo du EH Bildu Madrilgo aurrekontuen negoziazioan sartu izana. ETBn emandako elkarrizketa batean esan du EH Bildu Madrilen PSOErekin aurrekontuen negoziazioan sartu izanak ez duela eragin Jaurlaritzan, EAJren eta PSEren arteko gobernuan, nahiz eta ulertzen duen alderdi jelkidea «deseroso» sentitzea, koalizio subiranista Madrilgo negoziazioetan sartuta EAJri «lehiakide bat atera zaiolako, eta ez da txikia», Anduezak esan duenez. «Urteak igaro ditugu esanez bidea politika zela, eta ez indarkeria. Garai hori iritsi da».

PSOE-Unidas Podemosen gobernuak babesak behar zituen Madrilen aurrekontuak atera ahal izateko, eta ildo horretan kokatu du Anduezak EH Bilduren babesa bilatu izana: «EH Bilduren botoak beharrezkoak dira, eta akordio batera iritsi behar da. Ez dago besterik. Ez dago trukerik. Eta, espetxe politikarekin, legea betetzen ari gara».

EAJk Espainiako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuekin izan dituen gorabeherak direla eta, sinetsita dago ordua iristen denean EAJk aurrekontuak babestuko dituela: «EAJk badaki Euskadira begirako politikan Madrilen duen rola oso garrantzitsua dela; ez dut aurrekontuetatik kanpo ikusten».

Aitor Esteban EAJko diputatuak, berriz, baieztatu du asteburuan negoziazio betean segitu dutela Espainiako Gobernuarekin, aurrekontu proiektuaren gainean, eta aurrerapauso gehiago izan direla esan du Onda Vascan egindako adierazpenetan. «Baina oraindik argi-ilunak daude», gehitu du.

Pilar Garrido EAEko Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusiak esan du Madrilgo aurrekontuak sozialak eta aurrerakoiak direla, eta, zenbait alderdi «gurpiletan makilak» jartzen ari direla iritzita, hori egiteari utzi eta aurrekontuak babesteko eskatu du.

Unidas Podemosek, EH Bilduk eta ERCk etxegabetzeak 2022ra arte debekatzeko eskatuz aurrekontuei jarritako zuzenketak sua piztu zuen, eta hori eztabaidatzera ere ireki da PSOE. Aste honetan zuzenketak eztabaidatzen ari dira, akordioa itxi ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.