Albistea entzun

Elkar argitaletxeak ‘Bilbao-New York-Bilbao’ berrargitaratu du

Mintegia izeneko bildumaren lehen liburua da Kirmen Uriberena. 2008an argitaratu zuen lehen aldiz ‘Bilbao-New York-Bilbao’, eta pasarte batzuk gehitu dizkio argitalpen berriari.

Kirmen Uribe, eleberriaren lehen edizioa eskuetan duela, 2009an.
Kirmen Uribe, eleberriaren lehen edizioa eskuetan duela, 2009an. Marisol Ramirez / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Joana Ibargarai -

2020ko azaroak 24

«Bilduma honetan jaso nahi ditugu Elkar argitaletxearen historian eta euskal literaturaren historian esanguratsuak izan diren zenbait liburu; bai kritikaren onespena jaso dutelako, baita publikoaren txaloak izan dituztelako, nolabaiteko mugarria markatu dutenak gure literaturaren ibilbidean», azaldu du Xabier Mendiguren editoreak. Eta «mugarri» zelakoan hautatu dute Kirmen Uriberen obra. Izan ere, Bilbao-New York-Bilbao euskal kultura nazioarteratzeko bidean «bide hausle» eta «bide egile» izan dela uste du Mendigurenek, eta horretarako sartu dute bilduman. Itzulpen «asko» egin direla eta sari «asko» jaso dituela gehitu du.

Berrargitalpen honek, lehenengoari konparatuz, zenbait orri gehiago dauzka; Uriberen hitzaurrea, liburuan zehar gehitutako pasarte batzuk, baita Ana Arregik egindako irakurketa gida bat ere. Uribek 2008an argitaratu zuen Bilbao-New York-Bilbao, eta, irakurri bezain laster, aldaketak egin zizkion lehenengo bertsio hari. «Gehitu nituen pasarte batzuk, eta halako berrantolaketa bat egiten hasi nintzen, batez ere bigarren zatian. 12. kapitulutik goiti hasi nintzen jolasten, aldaketatxo batzuk egiten. Eta kontua da bigarren bertsio hau erabili izan dugula itzulpenak egiteko, honek hobeto azaltzen zuelako liburuaren izpiritua, jatorrizkoak baino. Jatorrizkoa euskaldunei begira eginda zegoen, nire liburu guztiak bezala, baina bigarren bertsioa bukatuagoa zen. Horregatik hasi ginen itzulpenak egiten bertsio horretatik», kontatu du Uribek. «Eta zergatik ez eskaini bigarren bertsio hau ere euskaldunei?», Uribek.

Bestalde, Arregik egin duen irakurketa gidaren garrantzia nabarmendu du Uribek.«Bilbao-New York-Bilbao ez da irakurketa bakarrekoa. Askotan esan izan dut hori; irakurri nahi duenak hasi eta buka, intrigazko nobela bat balitz bezala, ez du ezer ulertuko. Liburu honek badu poesiak duen dohain hori, hainbat irakurketa sortzekoa. Irakurtzen da hasi eta buka, baina, baita ere azaletik sakonera. Azpian lotura asko daude, mikroistorio askoz osatutako liburua da». Hala, obraren nondik norakoak ulertzeko lagungarri izan daiteke Arregiren lana. 

Mendigurenek, berriz, obra horren transmisioaren garrantzia azpimarratu du. «Argitalpen hau edizio dotore bat da. Lehenengoari konparatuz, 50 orri gehiago ditu, baina prezio berbera du. Gure helburua da ziurtatzea liburu horien transmisioa. Transmisioa ez da egonen den zerbait; une oro zaindu behar da, literaturan ere». Lehen argitaratzetik hamabi urte pasatu diren honetan, Uribek uste du «askatasun ariketa» bat izan zela Bilbao-New York-Bilbao. «Zerbait berria zen, oso askea, eta euskaratik egina».

Mintegia bilduman berrargitaratuko duten bigarren obra Juan Mari Irigoienen Babilonia izanen da, eta hori, datorren urtean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

<b>Artze anaiak.</b> Txalaparta erakustaldia Iruñeko 1972ko Topaketetan. ©BERRIA

ARTE KONSTELAZIO BAT IRUÑEARI OPARI

Yasmine Khris

Iruñeko 1972ko Arte Topaketen 50. urteurrena ospatuko da aurten, eta orduko oroitzapenak bizirik dituzte batzuek. Xabier Morras margolariak, esaterako, kontrastez beteriko hiriaren irudia ekarri du gogora. Zentsurak, polemikek eta artisten aniztasunak ezaugarritu zuten topaketa.

 ©BERRIA

«72ko topaketen oroitzapena ez da anekdotikoa, baina ia»

Yasmine Khris

Ofizioz idazlea da Andres, baina komisario lanean arituko da aurten, 1972-2022ko Topaketetan. Urriaren 6tik 18ra eginen dira eta 70 jardunaldi baino gehiago antolatzeaz arduratu da.
Walter Salas-Humara (eskuinean), gaur egun The Silos osatzen duen hirukotearekin. ©BERRIA

Musikaren plazera

Mikel Lizarralde

1980ko hamarkadan AEBetan sortutako sustraidun rockaren ordezkari da The Silos, Walter Salas-Humararen proiektua. Bi kontzertu ditu Euskal Herrian egunotan.

Mende erdia bete berri da Alejandra Pizarnik hil zela. ©BERRIA

Zauri diren lerroak

Ainhoa Sarasola

Sufrimendu biziko aldiak eta sormen loraldiak tartekatu ziren Alejandra Pizarnik idazle argentinarraren bizialdi osoan. Beldurrari, maitasunari eta bakardadeari idatzi zien, eta XX. mendeko poema bilduma nabarmenetako bat osatu zuen. 50 urte bete dira hil zenetik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.