Ostalaritza

Abenduaren 1etik 15era arteko epea dago ostalaritzako laguntzak eskatzeko Nafarroan

Manu Aierdik lasaitasuna eskatu dio sektoreari, ez baitute laguntza lehen egunean zertan eskatu, eta, epe barruan eginez gero, onartua izango baita baldintzak betez gero

Iruñeko alde zaharreko terraza hutsik. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2020ko azaroaren 24a
14:57
Entzun

Atzo arratsean Nafarroako Gobernuak erabaki zuen ostegunetik ostalaritzak terrazak ireki ahalko dituztela. Halaber, diru laguntzak nola banatu ezarri du. Iazko urtarriletik irailera bitartean izandako fakturazioarekin alderatuta, gutxienez salmentak %20 murriztu zaizkien ostalaritzako eta turismoko enpresek zein autonomoek Nafarroako Gobernuaren 20 milioi euroko poltsatik laguntza jasoko dute. Abenduaren 1etik 15era bitarteko epea izango dute laguntza eskatzeko, eta Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilariak «lasaitasuna» eskatu du, ez baitago zertan lehen egunean eskaera egin. Dirua ordainketa bakarrean jasoko da.

Guztientzat egongo da dirua? Bai. Nafarroako Gobernuak onartu du eskaera egiten duten guztientzat iritsiko dela dirua. 

Autonomoek zenbat diru jasoko dute? Autonomoek zein iazko urtarrilaren ostean sortu diren enpresak 2.850 euroko laguntza zuzena jasoko dute. Autonomoen kasuan, baldintza izango da udan jasotako laguntza berezia jasotzeko eskaera egin eta hura jaso izana —ordu hartan jarduera eten edo fakturazioan %30eko jaitsiera izan zutenei eman zitzaien beste laguntza zuzen bat—.

Enpresa sortu berriek zergatik jasoko dituzte 2.850 euro? Gobernuak ez duelako jakiterik, iazko lehen bederatzi hilabeteetan zer fakturazio izan zuten. Azken batean, epe guztiaren barruan sortu direnez, ezin baitute informazio hori izan. Ondorioz, erabaki du autonomoei bezala ematea diru hori: 2.850 euro.

Zein da ezinbesteko baldintza? Nafarroan izan behar dute zerga helbidea, eta guztiek erakutsi beharko dute iazko lehen bederatzi hilabeteekin alderatuta gutxienez %20 murriztu zaizkiela salmentak. %20tik behera jaitsi badira, laguntzetatik kanpo geratuko dira.

Zeren arabera, jakingo da zenbat diru eman? Kaltetutako sektoreetako bakoitzean, diru sarreren aldean gastu finkoek batez beste duten pisua kalkulatu du gobernuak. Sektoreak honako hauek dira: Ostalaritzako taberna eta jatetxeak, gaueko aisialdiko diskoteka eta dantzalekuak, edari banatzaileak, hotelek eta bestelako aloimendu enpresak eta bidaia agentziak.

Nola kalkulatuko da gastu finkoek zer pisu duten? Nafarroako Ogasunak enpresen iazko BEZaren datuak ditu, eta, era berean, Nastat estatistika erakundeak 2018ko jarduera ekonomikoko talde horietako bakoitzean gastuek duten pisuaren datuak ditu.  Ostalaritzaren eta diskoteken kasuan, diru sarrerekiko gastu finkoen batezbestekoa %8,12 da, hotel eta ostatuena %13,75, bidaia agentziena %3,11 eta edari banatzaileena %2,4.

Nola kalkulatuko da dirua? 2019ko fakturazioaren gainean, sektore bakoitzari kalkulatutako ehunekoa neurtzen da lehenik. Ondoren, pandemiak kalkulatutako bederatzi hilabeteetatik bost hilabeteko proportzioa neurtzen da —diskoteken kasuan, sei hilabetekoa, eragina handiagoa izan baita—. Horri, fakturazioaren murrizketaren tamainaren arabera, zer ponderazio ezartzen zaion. Fakturazioa %70etik gora jaitsi bada, laguntzaren %100 jasoko dute. Fakturazioa %50 eta %70 artean jaitsi bada, %90; %20 eta %50artean jaitsi bada, berriz, %80.

Zenbat diru jasoko da gehienez? 25.000 euro, gehienez.

Non eska daiteke informazio gehiago? Nafarroako Gobernuak 84-84 33 00 telefonoa jarri du eta bertan informazioa eska daiteke 08:30 eta 14:30 bitartean. Eta [email protected] helbide elektronikoa ere jarri du zalantzak argitzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.