Zaldibarko luizia

EBk abenduaren amaierarako emango du Zaldibarko auziari buruzko ikerketaren berri

Izaskun Bilbao EAJren eurodiputatuak galdetuta erantzun du Virginijus Sinkevicius Ingurumenerako Komisarioak. Aurretiaz egindako ikerketetan erakundeekin lankidetza zuzena izan dela erantzun dio Sinkeviciusek.

Izaskun Bilbao, EAJren eurodiputatua. ARITZ LOIOLA / FOKU
2020ko azaroaren 25a
14:12
Entzun

Europako Batzordeak abenduaren amaierarako aurkeztuko du Zaldibarko auziari buruz egiten ari den ikerketaren emaitza. Hala erantzun dio Izaskun Bilbao EAJren eurodiputatuari Virginijus Sinkevicius Ingurumenerako Komisarioak. Otsailaren 13an PPk, Ciudadanosek eta Podemosek auzi honi buruz egindako agerraldiak direla eta, Sinkeviciusek auzia ikertzea ebatzi zuen, uste zuelako entzundakoak entzunda zabortegiaren kudeaketan gabezia garrantzitsuak egon zirela, eta ohartarazi zuen ardura zuten erakundeak atzeman, zaindu eta, behar baldin bazen, zigortu egin behar zituztela.

Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatuak galdetu dio ea noiz amaituko duen ikerketa batzordeak, ea zein jarrera topatu duen erakundeen aldetik EB ikerketa egiten ari den bitartean eta ea hasierako iritzia mantentzen duen.

Sinkeviciusek erantzun dio ikerketaren lehen fasean erakundeek zuzen erantzun dutela, eta 2020 amaierarako Espainiari erantzun bat emango zaiola gehitu du.

Erantzun hori jasota, Bilbaoren iritziz, erakundeen jokabidea «zuzena» izan da. Horrek erakusten du Eusko Jaurlaritza «gardentasunez» aritu dela auzi honetan, eta zabortegiaren gainean egin duen kudeaketari buruz ez duela «ezer ezkutatzeko ez Euskadin, ez Europan», Bilbaoren arabera. Hala azaldu du Bruselatik Twitter sarera igo duen mezuan, gaztelania hutsean.

Jaurlaritzak Alberto Sololuzeren eta Joakin Beltranen gorpuak topatzen jarri ditu indarrak, Bilbaok esan duenez. Sololuzerena abuztuan topatu zuten. Beltranena bilatzen segitzen dute. Gainera «zabortegiak zituen egiturazko arazoak konpondu eta ingurumenari eragin zekizkiokeen bestelako kalteak saihesten» jarri dute indarra, Bilbaoren arabera.

Espero dute egingo diren ikerketek halako azpiegituren gainean egon daitezkeen «kontrolak eta istripuak prebenitzeko» lagungarri izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.