Nafarroak sei-hamar lagunen arteko topaketak baimendu nahi ditu Eguberrietan

Osasun kontseilariak esan du mugaren itxierarekin «malgu» jokatu nahi dutela, familia bereko kideak elkartu daitezen.

Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilaria. JESUS DIGES / EFE
Edurne Begiristain.
2020ko azaroaren 25a
16:02
Entzun

Madrilen Lurralde Arteko Osasun Kontseilua elkartu da gaur arratsaldean, eta bertan azalduko dituzte Eguberrietara begira hartu nahi diren neurriak. Madrilek autonomia erkidegoetako arduradunekin batera aztertu nahi ditu proposamenak, litekeena baita erkidego bakoitzak bere proposamenak egitea. Nafarroako Gobernuak, esaterako, gaur jakinarazi du zein izango den bilera horretara eramango duen plana: Eguberrietan sei-hamar pertsonako familia topaketak baimendu nahi ditu, eta horiek bi etxeetako kideak izan daitezke, elkarrekin bizi ez direnak. Nafarroako mugaren itxierari dagokionez, «malgu» jokatu nahi du gobernuak, baina soilik familia bereko kideak elkartzeko bada. «Eguberrietarako etxera bueltatzea da ideia, baina etxetik joan gabe», azaldu du Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak.

Atzo Espainiako Gobernuak iragarri zuen bere asmoa dela Gabon gauerako eta Urtezahar gauerako etxeratze agindua moldatzea, eta gehienezko ordua 01:00ean jartzea. Indurainek gaur esan du Nafarroako Gobernua ere egun horietan ordutegia malgutzearen aldekoa dela, eta euren asmoa ez dela etxeratze agindua 01:00a baino beranduago ezartzea.

Indurainek gaineratu du garrantzitsua dela erkidegoen artean irizpide «bateratuak» ezartzea, eta pandemiaren bilakaerak berak finkatuko duela hartu beharreko bidea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.