Berrikuntzaren bidean

Goieki: Goierriko garapen sozioekonomikoaren motorra

Goieki Goierriko Garapen Agentziak zenbait zerbitzu eskaintzen dizkie eskualdeko eragileei, besteak beste enpresei eta ekintzaileei, eta berrikuntza sustatzen du industrian, ekintzailetzan eta turismoan.

Goiekik berrikuntza sustatzen du Goierri eskualdean. GOIEKI
2020ko azaroaren 28a
16:39
Entzun

Berrikuntza tresna egokia izan daiteke garai gogor bati aurre egiteko, eta horretarako sortu zen 1993. urtean Goieki, Goierriko Garapen Agentzia. Eskualdea krisi gogor batek jipoitua izan zen, eta, egoerari aurre egiteko asmoz, eskualdeko hainbat eragile elkartu eta etorkizun hobe baten alde hasi ziren lanean. Plan estrategiko berri bat garatzeko eta Goierri osatzen duten 18 herriek plan horretan adostutako guztia abian jartzeko, garapen agentzia bat sortzea erabaki zuten: Goieki.

Goierri eskualdeko garapen sozioekonomikoaren motorra izatea ipar hartuta egin du lan betidanik Goiekik. Eskualdeko hainbat eragileri, besteak beste enpresei eta ekintzaileei, zerbitzuak eskainiz, gauzak hobeto egiten laguntzea izan da Goiekiren helburua, etorkizunari begirada kendu gabe, eta jarrera proaktibo batekin balio handiagoaren ekarpena egiteko. Goierritar guztien bizi kalitatea hobetzea du helburu.

Berrikuntzaren bidetik

Goiekik hiru arlo nagusitan sustatu du berrikuntza betidanik: industrian, ekintzailetzan eta turismoan. Baina ingurumen eta gizarte arloan ere hainbat proiektu garatu ditu:

Industria: Goieki beti saiatu izan da enpresei zerbitzuak ematen, eta enpresetan hobekuntza eta berrikuntza txertatzen, eta horretarako, hainbat proiektu ere gauzatu ditu urte hauetan guztietan. Alor honetan, azken urteetan egin den ekimenik garrantzitsuena Goierri Valley Elkartea sortzea izan da. Elkarte horren sorrerarekin batera, gauzak egiteko era guztiz berritzaile bat sortu zen, eskualdeko enpresa traktoreen eta ETEen arteko elkarlanerako sare bat sortuz.

Elkarte honek, zeharka, bere bazkideei hainbat proiektu berritzaile jarri dizkie eskura, guztiak enpresaren lehiakortasuna bultzatzeko asmoz. Honako esparruetan jorratzen ditu berrikuntza gaiak:

· Enpresetako pertsonen harremanak: lan egiteko modu berriak.

· Digitalizazio gaiak.

· Ezagutza partekatzea.

· Berrikuntza teknologikoa.

· Berrikuntza ez teknologikoa.

· Formakuntza.

Ekintzailetza: Goiekiko ekintzailetza arloak 25 urte daramatza berrikuntzan, betidanik lagundu baitie ideia berritzaileak dituzten sustatzaileei proiektuaren garapen fase guztietan. Informazioa eta orientazioa ematen hasi, aholkularitzarekin jarraitu, enpresa kudeaketaren inguruko prestakuntza eman eta, azkenik, finantzaketa aukera desberdinen berri ematen zaie.

Behin enpresak sortzen direnean, aukera ematen die eskualdeko hainbat enpresa gunetan kokatzeko. Aipatutako guztiaz gain, ideia berritzaileenak saritzen dira urtero, ekimen berri, berritzaile eta balio erantsi handia duten enpresa sareen etorkizuneko jasangarritasuna bermatzeko.

Turismoa: Turismoaz Goitur arduratzen da, hogei urtez entitate publiko eta pribatuen arteko elkarlana kudeatzeaz arduratu den entitatea. Gaur egun, hiru ardatz nagusi lantzen dituzte: lehiakortasuna, produktuak eta zerbitzuak. Horien promozioa eta komertzializazioa ere egiten dute, euren bazkideak gaurkotasuneko turismora egokitu daitezen, eta Goierri eskualdea lehen mailako helmuga bilakatzeko.

Berrabiarazi proiektua

Aipatutako alorretan egiten den lanaz eta proiektuez gain, COVID-19aren pandemiak sortutako egoerari aurre egiteko buru-belarri lanean dabilen proiektu oso garrantzitsu bat azpimarratu nahi izan dute, proiektu horri esker jakin ahal izan dutelako bailararen egungo egoera zein den. Jakina da COVID-19ak hainbat kalte eta eragin sortu dituela ekonomian eta enpresetan, eta, nola ez, Goierrin ere ikus daiteke horren guztiaren isla. Krisi egoera hau ikusita, Berrabiarazi proiektua jarri dute martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Proiektuaren prozesuaren barruan, luze gabeko helburua enpresen egoerak ezagutu eta banakako ibilbide orri bat definitzea izango da. Bide batez, Goieki eskualdeko eragilea izanik, etorkizuneko elkarlanerako proiektuak identifikatzeko begirada zabal bat edukitzea ahalbidetuko die enpresei, eskualde lehiakor, orekatu eta jasangarriagoa bermatuz pertsonen ongizatearen alde. Behin banakako egoeraren eta egoera orokorraren ikuspegia izanda, etorkizunari begiratu eta hutsuneak zehaztuz hobetu daitezkeen eremuak sustatuko dira. Beraz, proiektuaren balio erantsia luze gabe egoera zail bati erantzuna ematean datza, eta etorkizuneko begirada eta erronkei aurre egitean.

Helburua eskualdeko ekonomia suspertzea eta enpresen lehiakortasuna indartzea izanik, alde batetik, eskualdeko enpresa industrial guztiekin jarriko dira harremanetan, kasu honetan 200 enpresa, eta beste alde batetik, azken bost urteetan Goiekiko Ekintzailetza arloko zerbitzuen erabiltzaile izan diren enpresekin, kasu honetan beste 150.

Berrabiarazi proiektuaren baitan ere eskualdeko ekoizleei eta merkatariei garai digitalak eskaintzen dituen aukerak gerturatzeko lanetan ari dira, eta Goierriko produktuen erakusleiho izango den online plataforma bat sortzeko.

Prozesu horrek 2020ko irailetik 2021eko apirilera arte iraungo du. Banan-banan, enpresa guztiekin harremanetan jarriz joango dira. Garaiak garai, Goiekik Goierri eskualdearen izaera ekintzaile eta berritzaileari jarraiki, etorkizuneko erronkei, zailtasunei eta aukerei aurre egiten jarraituko du, unean uneko egoerara moldatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.