Durangoko Azoka

Irekita dago Durangoko Azokako denda digitala

Dagoeneko badago aukera 2.319 produktu biltzen dituen denda digitala arakatu eta produktuak hautatzeko, baina 4tik 8ra egingo dira ordainketak eta bidalketak. Ehun kultur ekitaldiko programa ere antolatu dute azoka egunetarako, eta sarean jarraitu ahalko da osorik.

Aurtengo Durangoko Azokaren programaren eta denda digitalaren aurkezpena Durangoko Landako gunean. GORKA RUBIO/ FOKU
Inigo Astiz
2020ko azaroaren 26a
12:01
Entzun

Pandemiaren eraginez, bestelakoa izango da aurtengo Durangoko Azoka, eta, ondorioz, orain artekoaz erabat bestelakoa izango da Landako guneak emango duen irudia ere. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak egin du abenduaren 4tik 8ra bitarte guneak izango duen itxuraren deskribapena: «Erakusmahaiz beteta ikustera ohituta gauden gune hau, aurtengoan online dendaren biltegi eta sormen eta kultur ekitaldi desberdinen erakustoki bihurtuko da». Guztira, ehun kultur ekitaldiko programa prestatu dute azokak iraungo duen egunetarako, eta Internet bidez emango dute osorik. Aukera dago 2.319 produktuko katalogoa biltzen duen online denda ikusi, arakatu eta gustuko lanak apartatzeko aukera, www.durangokoazoka.eus orrialdean nahiz eta 4tik aurrera soilik egin ahalko diren erosketak.

Arantza Atutxa Gerediaga elkarteko kudeatzaileak esan duenez, «pozik» daude denda digitalaren proposamenak eragileen artean izan duen harrerarekin. «Oso leialak izan dira». Zehaztu duenez, orain arte azokan izan diren argitaratzaileen %90 inguruk hartuko du parte aurtengoan ere. Guztira, 185 argitaletxe, diskoetxe, kultur erakunde zein auto-ekoizlek jarriko dituzte beren lanak dendan, eta hala osatu ahal izan dute 2.319 produktuko katalogoa webgunean. Multzo handi horren barruan, 852 izango dira aurten argitaratutako nobedadeak: 636 liburu, 100 musika produktu, 44 aldizkari eta bestelako 72 produktu.

Salerosketa gune baino gehiago

Katalogo osoa kontsultatzeko moduan egongo da gaurtik aurrera, eta erabiltzaileak «desioen saskia» izeneko poltsa birtualera sartu ahalko ditu erosi nahi dituenak, gero, azoka egunetan ordaindu ahal izateko. Hurrengo ostiraletik aurrera jarriko da martxan denda, beraz, eta orduan hasiko dira bidalketak ere. Bi eguneko eta aste beteko epearen barruan jaso ahalko ditu erosleak produktuak, Gerediaga elkarteak zehaztu duenez, eta bidalketa bakar batean bildu ahalko ditu bateko zein besteko saltzaileri erositakoak. Lehen mila erosleek aurtengo karteleko irudia daraman poltsa ere jasoko dute erosketarekin batera, eta 45 eurotik gorako erosketa guztiek doan izango dituzte bidalketa gastuak.

Atutxak gogoratu duenez, azoka ez da «salerosketa gune hutsa», ordea. «Kulturaz gozatzea, sortzaile berriak deskubritzea, hausnarketa mamitsuak entzutea eta ikuskizun nahiz kontzertuak bizitzea ere bada». Horregatik, osasun larrialdiak ezarritako trabak gorabehera, helburu horiek ere betetzen saiatuko dira antolatzaileak, eta horretara prestatu dute 100 ekitaldiko programa. Bi gune nagusi izango ditu egitarauak, Plateruena kafe antzokia eta Landako gunea, eta bertatik bertara zein sarearen bidez jarraituko ahalko da programa osoa. Gaur arratsaldetik aurrera egongo da osorik ikusgai, eta orduan irekiko dute erreserbak egiteko aukera ere bertan egoteko modua dutenentzat.

Kontzertuak Plateruenan

Musika izango da Plateruenako eskaintzaren ardatza. Durangoko eta inguruetako herrietako biztanleek aukera izango dute saioak bertatik bertara ikusi ahal izateko, eta gainontzeko guztiek Internet bidez jarraitu ahalko dute haien emisioa. Gerediaga elkarteko arduradunek zehaztu dutenez, azokaren parte diren gainontzeko guneetako ordezkariekin adostuta osatu dute programa.

Orotara, 37 musika talderen kontzertu edo aurkezpen laburrak bilduko ditu Plateruena kafe antzokiak, esaterako, eta, besteak beste, Bulego, Marlik, Zetak, Mikel Urdangarin, Korrontzi, Rafa Rueda, Gatibu zein Xsakara musikariek hartuko dute parte bertan.

Aurkezpenak eta ikuskizunak

Landako Gunean jarriko dute bestelako ekitaldiak hartzeko oholtza, eta bertan izango denaren gutxi gorabeherako argazkia ere egin dute Gerediaga elkarteko arduradunek. Goizean haur zein gazteentzako ekitaldiek izango dira, adibidez; goiz eta arratsaldez egingo dituzte literatur solasaldiak eta liburu aurkezpenak, eta irakurketa dramatizatuak ere izango dira tartean. Horrez gainera, azokarako propio sortutako bi ekitaldi ere estreinatuko dituzte. Abenduaren 4ko irekiera ekitaldian, esaterako, saiorako propio sortutako pieza bana taularatuko dute Eñaut Elorrieta musikariak, Kirmen Uribe idazleak eta Bagara dantza talde durangarrak. Eta itxiera ekitaldirako ere ikuskizuna osatuko dute Miren Amuriza bertsolariak, Amancay Gaztañaga aktore eta musikariak, Antton Telleria telebista aurkezleak eta Maite Arroitajauregi Mursego musikariak.

Durangoko Azoka egunen osterako ere, Zu non, han DA izenarekin Euskal Herrio hamaika aretotan kontzertu ziklo bat ere antolatu dutela gogoratu du Gerediaga Elkarteko lehendakariak, eta azoka egunetan zein haren osterako antolatutako ekitaldietan parte hartzeko deia egin die euskal kulturazaleei. Mujika: «Eskuratu euskal kultura, ez dadila azokaren taupada eten, ezta euskal kulturarena ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.