Musika

Antton Valverdek disko berria kaleratu du, hamahiru urteren ondoren

Koronabirusak baldintzatu du ‘Gaua. Ausentziaren itzala’ lana: itxialdiaren ondorioz, hasierako abestiei hiru gehitu zaizkie, Harkaitz Canoren olerki batzuetan oinarritutakoak. Izenburua ere ez da hasierako proiektuko bera. Elkar argitaletxearekin atera du albuma

Antton Vlverderen 'Gaua. Ausentziaren itzala' diskoa berriak Harkaitz Canoren poesiaren eragina izan du, besteak beste. FOKU
amaia igartua aristondo
2020ko azaroaren 27a
14:22
Entzun

Disko berria prestatuta zuen Antton Valverdek, baita hura grabatzeko txanda hartuta ere Elkarreko estudioetan, baina pandemiak oztopatu zizkion planak. 2007an kaleratutako Hamabi amodio kanta hartatik diskorik atera gabe zegoen musikaria, eta, horri erremedioa jartzera zihoala, koronabirusak grabaketa bertan behera utzi beharra eragin zuen. Itxialdiko hilabeteetan, ordea, proiektuak moldaketak izan ditu, hiru kanta berri gehitu baitzaizkio: hamarrekoa izango zen diskoa hasieran, baina hamahiru ditu, azkenean, Elkarrekin kaleratu berri duen Gaua. Ausentziaren itzala lanak. Bakarkako duen seigarrena du, nahiz eta guztira hamalau diskotan parte hartu duen «gutxienez», musikariak berak lan berriaren aurkezpenean gogoratu duenez.

Harkaitz Canoren poesia izan da aldaketaren erantzule. Idazleak eta Arkaitz Mendoza musikariak duela sei urte elkarlanean ondutako obra batek izan du eragin zuzena: Malgua da gaua disko-liburuak, hain zuzen ere. Canok Chopinen nokturno-en harira eginiko poesiak errezitatzen ditu, eta Mendozak konposizioak interpretatuz laguntzen dio. Hogeita hamar olerki dira guztira, hamarna euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez: ez dira itzulpen zuzenak, baina hiru hizkuntzatako bertsioek lotura dute euren artean. Molde horri jarraitu dio Valverdek ere disko berriaren lehen hiru kantak egiteko: izan ere, Canok eta Mendozak bezala, Valverdek ere nokturno-en irakurketa hirukoitz bat egin du Sei silabako gaua abestian, eta, haiek lez, gaztelaniazko zein ingelesezko aldaerak ere ondu ditu.

Hiru kanta berri horiek «dena aldrebestu» dutela azaldu du Valverdek: «Hasieran fundamentalak ziren kantak besteen menpe gelditu dira gero». Ez ditu kantak soilik baldintzatu, halere, diskoaren izenburua bestelakoa baitzen hasieran. Azken kantak —hark ere Canoren poesia du iturri— Presentzia du izena, eta obra osoa izendatu behar zuen aurreneko bertsioan. Aldiz, absentziak kendu dio protagonismoa.

Oraingo honetan, Valverderen pianoak bat egin du Francisco Herreroren biolinarekin eta biolarekin, eta Ivan Carmonaren biolontxeloarekin. Ohi bezala, Karlos Gimenezekin egin du lan musikariak: «Urte asko daramatzagu elkarrekin lanean, diskoetan eta zuzenekoetan. Laguntza ia ezinbestekoa da. Ondo ulertzen du nire estiloa, eta ondo egokitzen da». Emaitza «txukuna» dela adierazi du Valverdek, eta «ederra» ere badela gaineratu du Elkarreko Andres Camio Jitu-k: «Presarik gabe gozatzeko lana da». Halaber, bere disko berria aurkeztea «plazer» bat dela gaineratu du: «Eskarmentu handiko musikaria da, beteranoa. 50 urteak gainditu ditu musika arloan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.