Enpresak

Petronor zigortzeko eskaera berretsi diote auzitegiek Espainiako Gobernuari

Meatzaldea Bizirik taldeak azaldu duenez, hogei eguneko epea dauka Trantsizio Ekologikorako Ministerioak erabakia hartzeko. Zigor espedientea ez zabaltzea ebatziz gero, arrazoiak azaldu beharko ditu.

Petronorrek Muskizen duen findegiko koke planta, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2020ko azaroaren 27a
16:21
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak laugarren aldiz eskatu dio Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioari erabakitzeko Petronorri zigor espedientea ireki edo ez, Meatzaldea Bizirik taldeak azaldu duenez. Petronorrek Muskizen (Bizkaia) duen findegiko koke plantarekin du lotura auziak. Elkarteak gogorarazi du Kostaldeetako Agintaritzak ez zuela baimenik eman koke planta eraikitzeko, eta hori ezinbestekoa dela kostaldeko lur eremu publiko batean eraiki behar denean. «Baimen hori izan gabe, eta dagokion zigor espedientearekin, eraitsi egin behar da, edo jarduera bertan behera utzi».

Meatzaldea Bizirik taldeak nabarmendu du 2009tik ari direla salatzen baimen falta —planta 2013an ireki zuten—. «Gaia ez du aintzat hartu Eusko Jaurlaritzak —planta eraikitzea baimendu zuen ezinbesteko baldintza hori bete gabe—, ezta Trantsizio Ekologikorako Ministerioak berak ere, hamabi urtean ez baititu aintzat hartu gure informazio eskaerak, salaketak eta bilera eskaerak». Orain, ordea, erabakia hartu behar du ezinbestean. Hogei eguneko epea du bi aukeraren artean erabakitzeko: zigor espedientea ireki dezake, edo, ez irekitzea erabakitzen badu, horretarako dituen arrazoiak azaldu beharko ditu, Meatzaldea Bizirik taldeak jakinarazi duenez. Aldi berean, ohartarazi dute ministerioak erantzukizun penalak edo administratiboak izan ditzakeela, aginduari jaramonik egiten ez badio.

Herritarrek orain arte bizi behar izan duten egoera gaitzetsi du taldeak. Haien hitzetan, «justifikatu ezinezkoa» da kostaldeko lur eremu publikoa babestu behar luketenek bizilagunak «behartzea» hamabi urteko auziak jasatera. «Horiek igarota ere, ez dituzte epaileen aginduak betetzen», erantsi dute.

Meatzaldea Bizirik taldeak argi du zer pauso eman behar diren: «Kostaldean egindako legez kanpoko obrak baimendu edo eraitsi egin behar dira, txosna bat edo koke planta bat izanda ere». Taldeak berretsi du koke planta baimenik gabe eraikita dagoela, eta eskatu du hori aldatzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.