Etiopia

Abiyk Tigray erasotzeko duten «erantzukizuna» justifikatu du

UNHCRko goi mandataria Sudanera joan da: Etiopian borrokak piztu zirenetik gutxienez 43.000 lagunek pasatu dute muga liskarretatik ihesi

Tigrayko borroketatik ihes egindako herritarrak, Sudanen. EFE
Jone Bastida Alzuru.
2020ko azaroaren 27a
18:15
Entzun

Etiopiako Gobernuaren eta TPLF Tigrayko Herria Askatzeko Frontearen arteko borrokek jarraitzen dute, eta, egunak pasa ahala, hondamendi baten kezkak areagotuz doaz. Gaur bildu da Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroa Afrikako Batasuneko hiru ordezkarirekin, eta eskualdea erasotzeko haien operazioa justifikatu zuen. Bilkura horretan, espero bezala, Bakearen Nobel saridunak ez dio aukerarik eman Tigray eskualdeko buruzagiekin elkarrizketak abiatzeko ideiari, eta hasieratik planteatutako jarrerari eutsi dio: «operazioa amaitu arte» ez dutela negoziatuko.

«Abiy lehen ministroak, gobernu federalaren konstituzio aginduz, Tigray eskualdean zuzenbide estatua betearazteko erantzukizuna adierazi du», jakinarazi du Etiopiako Gobernuak komunikatu baten bidez. Hori ez egiteak «zigorgabetasunaren kultura elikatuko lukeela» esan du. Abiy prest agertu zen ordezkaritzako kideekin biltzeko, baina ez zuen onartu horiek Tigrayko buruekin elkartzea; ezta estatuko gobernuaren eta TPLFren arteko bitartekari lanak egitea ere. NBE Nazio Batuen Erakundeak eta beste hainbat elkartek erasoak eteteko eta elkarrizketaren alde egiteko eskatu diete bi aldeei egunotan, baina Abiyk uko egin dio bide horri.

Jokaleku horretan, borrokek segitzen dute. Etiopiak gaur jakinarazi du TPLFrekin lotura duten eta ustez «zibilen aurkako sarraskiak egiteko asmoa zuten 23 susmagarri» hil dituztela. Fara Etopiako telebista katearen arabera, Metekel inguruko Poliziak azaldu du eskualdeko eta estatuko indarrek egin dutela operazioa Dangur, Guba eta Mandura eremuetan. Era berean, azpimarratu dute agintariek euren jarduerak indartu dituztela zibilen aurka egindako azken erasoen ostean, eta adierazi operazioak aurrera jarraituko duela istilu horien erantzule guztiak auzitegietara eraman arte. Bestalde, Oromia eskualdeko agintariek adierazi dute segurtasun indarrek OLF Oromo Askatzeko Fronteko ustezko hogei kide hil dituztela.

Errefuxiatuak

Etiopiako gatazka eta ezegonkortasun egoera ondorio latzak uzten ari da. Hildakoez gain, deigarria da herrialdetik ihes egin behar izan duten pertsona kopurua. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak emandako azken datuen arabera, 43.000 lagunetik gora dira muga zeharkatu eta Sudanera joan direnak, borroketatik ihesi. Hara joan da gaur Filippo Grandi erakundeko goi mandataria, egoera aztertzeko. Hain justu, atzo agindu zuen Etiopiako Gobernuak  «operazioaren azken faseari ekiteko»,  Tigrayko matxinoei amore emateko jarritako epea amaitu ostean. UNHCRek jakitera eman duenez, datozen hilabeteetan 200.000 lagunetara iritsi daiteke Etiopiatik ihes egindako errefuxiatu kopurua. Ohartarazi dute agentzia humanitarioek lanean jarraitzen duten arren, baliabide gehiago behar direla: «Sudanek premiazko nazioarteko laguntza behar du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.