Ingurumena

Araban erraustegi bat egin nahi dute, Gasteiz Zero Zabor taldearen arabera

Europako Batasuneko Next Generation funtsen laguntzak jasotzeko aukera dagoela azpimarratu dute. Gasteiz Zero Zaborrek «gardentasunez» jokatzeko eskatu die erakundeei.

Gasteizko Gardelegi zabortegia, artxiboko irudian. JUANAN RUIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko azaroaren 27a
18:43
Entzun

Gasteiz Zero Zabor taldeak ohartarazi du Eusko Jaurlaritza hiri hondakinen erraustegi bat egitea sustatzen ari dela, «Arabako foru gobernuaren laguntzarekin». Elkarteak ohar bidez jakinarazi duenez, Arabako Foru Aldundia izango da buru, eta hogei milioi euroko aurrekontua izango du.

Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak abuztuan programa bat egin zuen, hazkunde iraunkorra, enplegua eta suspertze ekonomikoa bultzatzeko. PwC aholkularitza enpresak aztertu du, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, Europako Batasuneko Next Generation funtsen finantzaketa lortzeko asmoz. Lan hori Eusko Legebiltzarrean erregistratu dute, eta hautatutako trakzio proiektuen artean dago, energia trantsizioaren atalean, hidrogeno berriztagarria ekoizten duten hiri hondakinak balioztatzeko proiektua egitea Araban. Oraingoz, garapen kontzeptualeko egoeran dago proiektua, baina elkarteak azpimarratu du, PwCren gomendioaren arabera, proiektu horrek Europaren finantzaketa jaso dezakeela.

Elkartea ez dago proiektuarekin ados: «Azpiegitura horrek arrisku handia eta errentagarritasun txikia dakar hondakinen tratamendurako». Gasteiz Zero Zaborrek bestelako aukeren alde egin du: «Arrakasta ekonomiko eta tekniko handiagoa dutela erakutsi dute hondakinak prebenitzeko, bereizteko, birziklatzeko eta konpostaje intentsiboa egiteko estrategiek eta ekoizpen katera itzuli ezin diren produktuak berriz diseinatzeak». Norabidea zuzentzeko berandu dela uste dute, baina erakundeei eskatu diete «gardentasunez» jokatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.