Gipuzkoako zahar etxeetan grebara deitu dute ELA eta LAB sindikatuek

Abenduaren 10 eta 11rako egin dute deialdia; 2018tik ari dira mobilizazioetan, eta 244 greba egun egin dituzte ordutik.

ELAko ordezkarien batzarra, Donostian. ANDONI CANELLADA/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2020ko azaroaren 30a
13:35
Entzun

ELA eta LAB sindikatuek grebara deitu dituzte Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileak, abenduaren 10 eta 11rako. Gipuzkoako Foru Aldundiari “hamar urte luzez blokeatuta” dagoen hitzarmena berritzeko eskatuko diote bi sindikatuek. Horrekin batera, langileen lan baldintzak hobetzea, lan kargak jaistea eta ratioak hobetzea aldarrikatu dute.

Egoitzak pairatzen ari diren egoera “kritikoa” dela adierazi dute gaur goizean ELAko eledunek. Gogorarazi dute zaurgarrienak, egoiliarrak, ahaztuak dituztela. Izurriaren bigarren olatua lehenengoa baino okerragoa dela azaldu dute, kutsatu gehiago baitaude orain. Horren erantzule diputazioa dela esan dute; 2018an mobilizazioak hasi zituztenean neurriak hartu izan balitu, zaharren egoitzek izurriari aurre egiteko “indar handiagoa” izango lukete, haien ustez.

Deialdia, momentuz, bi sindikatuek egin dute. Dena den, gizarte osoari zabaldu diote parte hartzeko deia. ELAren ustetan, langileen eskubideen alde borroka egitea denei dagokie, “baita tokian tokiko erakundeei ere”. Horiek horrela, udalak interpelatuko dituztela adierazi dute. LABek, bestalde, adierazi du “harremanetan” dagoela egoiliarren senideen elkarteekin.

Bestalde, grebako bi egunetan mobilizazio bateratuak egingo dituztela azaldu dute bi sindikatuek, eta “ahalik eta parte hartzerik zabalena” izatea espero dute: sindikatuez gain, mugimendu sozialetako jendea ere egotea, alegia. ELAk aurreratu du mobilizazioak bi egunetan egongo direla baina abenduaren 11rako manifestazio bateratu bat espero dela Donostian.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.