Irlanda

Londresek ez du aginduko Pat Finucane abokatuaren hilketaz beste ikerketarik

Erresuma Batuaren Ipar Irlandarako ministroak jakinarazi du ez dutela prozesua berriz hasiko. Gorenak iaz ebatzi zuen ez zela egin «ikerketa eraginkorrik».

Sinn Fineko militanteak "Nork baimendu zituen Britainiaren heriotza eskuadroiak?" dioen kartel batekin, 2004an. PETER MORRISON, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko azaroaren 30a
14:29
Entzun

Pat Finucane abokatua 1989ko otsailean hil zuen tiroz UDA Ulsterren Aldeko Elkartea erakunde loialista paramilitarrak, Belfast iparraldeko bere etxean, familiarekin afaltzen ari zela. Erakundeak IRAko kidea izatea egotzi zion legelariari. Haren familiak, ordea, beti ukatu du halakorik, eta Finucanek berak bi aldeetako auzipetuak defendatu zituen abokatu lanetan aritu zen tartean. Hilketatik 30 urtera, Erresuma Batuko Gobernuak jakinarazi du ez duela beste ikerketarik egingo gertaturikoaren inguruan.

Brandon Lewis Ipar Irlandarako ministroak eman du erabakiaren berri, Komunen Ganberan, eta jakinarazi du gobernuak ezagutarazi egingo duela hilketaz duen informazio gehigarria, aurrez hori egiteko konpromisoa hartu baitzuen. Lewis Finucaneren senideekin elkartu da erabakia jakinarazi aurretik; John semea Sinn Fein alderdiaren diputatua da Komunen Ganberan.

Abokatuaren hilketan armadako kide baten eta Poliziako baten laguntza izan zuen erakunde paramilitarrak, Finucaneri jarraitzeko eta hari 14 tiro egiteko erabili zituzten armetako bat eskuratzeko. Abokatua hil eta hamar urtera, 1999an, UDAko kide eta polizia ohi Willian Stobiek aitortu zuen Finucane hiltzeko erabilitako armetako bat eman ziela erasotzaileei, baina ukatu egin zuen tiroketan parte hartu zuela.

Hilketagatik akusatu bazuten ere, haren aurkako karguak bertan behera geratu ziren bi urte geroago, lekuko nagusiak haren aurka deklaratzeari uko egin zionean. 2001eko abenduan, tiroz hil zuten loialistek Stobie. 2004an Ken Barrett loialista atxilotu zuten, Finucaneren hiltzaileak haren etxeraino eraman izana egotzita. 22 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, baina handik hiru urtera irten zen, Ostiral Santuko Akordioen harira.

Familiak, ordea, beti salatu izan du paramilitarrek segurtasun indarren laguntza izan zutela. 2012an David Cameron lehen ministroak berak aitortu zuen egon zela elkarlanik, baina ukatu egin zuen Estatuak zerikusia izan zuela. Urte hartan argitaratutako txosten batean jasotzen zen Poliziak proposatu zuela Finucane hiltzea, eta hiltzaileei informazioa helarazi ziela militarren laguntzarekin. Orduan Ipar Irlandarako poliziaburu zen Matt Baggottek berak ere barkamena eskatu zuen, eta ontzat eman zituen txosteneko ondorioak.

Iaz familiak beste garaipen bat lortu zuen. Auzitegi Gorenak ondorioztatu zuen Finucaneren hilketari buruzko ikerketak «hutsuneak» zituela eta ez zela «eraginkorra» izan. Hala ere, nabarmendu zuen hutsegiteak ez zirela «borondate txarrez» egindakoak izan, eta ez zuen beste ikerketarik agindu. Dena den, Gorenaren erabakiak aukera ematen dio Erresuma Batuko Gobernuari beste ikerketa bat eskatzeko.

Irlandako Errepublikako Gobernuak eta alderdi nagusiek ikerketa zabaltzearen alde egin dute. Irlandako Errepublikako Atzerri ministro Simon Coveneyk nabarmendu du Londresek Finucaneren auzian hartzen duen erabakiak argituko duela Erresuma Batuko Gobernuak «egiarekiko eta adiskidetzearekiko duen konpromisoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.