Modernak txertoa merkaturatzeko baimena eskatu die AEBei eta EBri

Enpresak adierazi du ez duela kalterik atzeman txertatutakoen artean eta eraginkortasun handia duela kasurik larrienetan.

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua laborategi batean, San Sebastian de los Reyes hirian (Espainia). Modernaren txertoa fabrikatuko dute han. FERNANDO CALVO / EFE
2020ko azaroaren 30a
15:46
Entzun

AEBetako Moderna farmazia enpresak aurrera jarraitzen du. AEB Ameriketako Estatu Batuei eta EB Europako Batasunari eskatu die baimen dezatela COVID-19aren kontra ekoitzi duten txertoa saltzea eta herritarrei gomendatzea. Orain, segurua eta eraginkorra ote den aztertu beharko dute. Enpresak adierazi du %94ko eraginkortasuna baino handiagoa duela bere txerto esperimentalak, eta %100ekoa ere badela kasurik larrienetan, 30.000 parte hartzailerekin egin duten saio klinikoaren arabera.

Uztailean hasi zuten entsegua. 15.000 laguni txertoaren bi dosi eman zizkieten, hilabeteko tartearekin, eta beste 15.000 laguni gatz disoluzio bat xiringatu zieten, plazeboa. Zientzialariek 196 koronabirus kasu atzeman dituzte parte hartzaileen artean, eta horietatik 185i ez zieten eman benetako txertoa. 30 kasu larri izan zituzten, eta horietako bat hil egin zen. Horiek guztiak plazeboaren taldeko boluntarioak ziren.

Modernaren txertoak, beraz, aurrerapauso nabarmenak eman ditu merkaturatzea lortzeko. Azken asteetan sona handia lortu dute, horrez gain, Alemaniako Biontech eta AEBetako Pfizer enpresak garatzen ari diren txertoek, baita Oxfordeko Unibertsitatea Astrazeneca konpainiarekin batera prestatzen ari denak ere.

Pfizer botika konpainiak hilabete honetan adierazi du bere txerto esperimentalak %95eko eraginkortasuna duela, eta hark ere eskatua die «larrialdiko» baimena AEBei. Astrazenecak eta Oxfordek, berriz, esan du bere txertoak %70ko eraginkortasuna duela, baina, «dosi egokia» jarrita, %90era ere hel daitekeela.

Orain arte zabaldutako informazioaren arabera, dirutan ere aldea egongo da hiru aukera horien artean. Modernaren txertoaren dosi bakoitza 21 euro kostatuko da; Pfizerrena, hamabost; eta Astrazenecarena, hiru, nahiz eta adierazi izan duen produktua irabazi asmorik gabe hedatuko duela osasun krisiak iraun artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.