Eguberrietan, gehienez hamar pertsona biltzea proposatu du Jaurlaritzak

Eguberrietarako, herrietatik ateratzeko debekua kentzea eta egun horietan antolatuko diren ekitaldi guztiak bertan behera uztearen alde egin du Gasteizko gobernuak. Gainera, abenduaren 24ko eta 31ko gauean 01:00etarako etxeratzeko agindua eman nahi du.

LABi-ren Aholku Batzordearen bilera. MIKEL ARRAZOLA / JAURLARITZA
2020ko azaroaren 30a
19:04
Entzun

«Ongi goaz, baina ez gaude ongi». Bilakaera epidemiologikoa beherantz badoa ere, ospitaleetako presioa «handia» izaten jarraitzen duela nabarmendu du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Horregatik, urte amaierako ospakizunei begira,  Eusko Jaurlaritzak asteazkenean egingo den lurralde arteko bilerari begira, neurriak adostea begi onez ikusten du, eraginkorrago izateaz gain, pedagogia hobetuko duelako.

Arratsaldean bildu da, Babes Zibileko Planaren (LABi) Aholku Batzordea,  Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu buru zuela. Bertan, egungo egoera aztertu ostean, LABik ondorioztatu du urriaren 26an zein azaroaren 6an ezarritako neurriak egokiak izan zirela, baina oraindik ere azken hamalau egunetako intzidentzia handia izaten jarraitzen duela.

Uneotan arreta handia hartzen dute Eguberriko ospakizunek eta horri begira, Jaurlaritzak ohartarazi nahi izan du Eguberriak ez direla parentesi bat: «Eguberriek ez dute immunitaterik ematen».

Datorren asteazkenean egingo den bilerara horretan, Jaurlaritzak proposatuko du prebentzio neurri batzuk adostea: abenduaren 24ko eta 31ko gauean, etxeratzeko agindua zertxobait luzatzea, 01:00ak arte (Nafarroako Gobernuak proposatu bezala); halaber, abenduaren 24ean, 25ean, 31ean, urtarrilaren 1ean eta 6an gehienez bil daitezkeen pertsona kopurua seitik hamarrera handitzea proposatzen du —gainerako egunetan sei pertsona biltzeko mugak jarraituko luke—. Kazetariek galdetu diote zergatik hamar lagun eta ez sei orain arte bezala. Sagarduik erantzun du erkidego batzuk 10 pertsonako muga jarria dutela, baina «negoziatzeko prest» direla.

Gainera, Eguberrietako ekitaldi oro bertan behera uztearen aldekoa da Gasteizko gobernua. Laneko eta ikastetxeetako bilkurak ez egitea hobesten du Jaurlaritzak, eta, Sagarduiren arabera, «egingo balira», taldeak gehienez sei pertsonakoak izan beharko direla gogorazten du. Halaber, ospakizuna egiten deneko jatetxeko edo egoitzako baldintzak bete beharko lirateke.

Sagarduiren arabera, Eguberrietan prebentzio neurriek bere horretan jarraitu behar dute. Horregatik, maskarak jartzea, eskuak garbitzea, distantziak gordetzea eta kontaktuak murrizteko aholkatzen du. Azken egunetako jende pilaketak eman ez daitezen, erosketak aurretik egitea iradokitzen du. Gainera, etxekoak ez diren pertsonekin harik eta gutxien biltzeko eskatzen du eta mugikortasuna ahalik eta gutxien murrizteko ere bai.

Jaurlaritzak, azkenik, Madrilgo gobernuaren eta erkidegoen artean egingo den bilera horretan, proposatuko du herrietako edo erkidegoetako konfinamendua kentzea. Sagarduiren arabera, Jaurlaritzaren irizpidea da neurriok kontsentsuz hartzea, baina bilakaera epidemiologikoaren arabera, saltoki zein azoketako, ostalaritzako edo zahar etxeen inguruan erkidegoek ahalmena izatea neurriak moldatzeko.

Neurriei eutsiko zaie

Bilakaera epidemiologikoak beheranzko joera izan arren, oraindik orain intzidentzia tasa edo kutsakortasuna neurtzen duen erreprodukzio adierazlea handiak direla uste du. Asteotan ospitaleetako presioa leundu bada ere, oraindik orain Osakidetzako ospitaleetako solairuetan zein ZIUan direnen kopurua kezkagarria da.

Horregatik, Sagarduiren hitzetan, LABi-ren Aholku Batzordeak erabaki du orain arteko neurriei eustea. Hortaz, mugikortasunak mugatuta jarraituko du, 22:00etarako etxean egon beharko da, jarduera oro 21:00etarako amaituta eta ostalaritzak, itxita.

Abenduaren 9an, datorren asteburuko zubiaren ostean, berrikusiko dituzte neurriak.

Dena den, saltokiei dagokionez, edukiera malgutu egingo da. 150 metro koadrotik gorako azalera duten saltokietan edukiera %60a izatea onartu du Jaurlaritzak eta 150 metro koadrotik beherako saltokietan %75ekoa. Aurreko egunetan adierazi bezala, hiru foru aldundiek eta Jaurlaritzak zahar etxeetako protokoloari buruzko akordioa ere jasoko du dekretuaren moldaketak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.