Euskara

Tuterako Udalak ez du euskara erabiltzen «hitz egiten dutenek gazteleraz badakitelako»

Anichu Aguera gizarte zerbitzuetako zinegotziak, Tuterako (Nafarroa) Udaleko osoko bilkuran, azaldu du genero indarkeriaren aurka argitaratu zuten kartelean zergatik ez den euskara ageri —gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta arabiarrez dago—: «Euskaraz dakitenek badakite gazteleraz ere, eta bestela arazo bat dute». 

Azaroaren 25ean Tuteran egin ziren ekintzen aurkezpena, udalaren parean. TUTERAKO UDALA
Paulo Ostolaza.
2020ko abenduaren 1a
13:52
Entzun

Gaztelania, ingelesa, frantsesa eta arabiera. Hizkuntza horiek guztiak ageri dira Tuterako (Nafarroa) Udalak indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei laguntzeko plazaratu duen kartelean. Euskara ez, ordea. Zergatia galdetu zuen udalaren atzoko osoko bilkuran Marisa Marques Izquierda-Ezkerrako zinegotziak, eta argi erantzun zion Navarra Sumako Anichu Aguera gizarte zerbitzuetako zinegotziak: «Euskaraz dakitenek badakite gazteleraz ere, eta bestela arazo bat dute». 

Azaldu zuen herriko genero indarkeriaren aurkako mahaiak kartela hainbat hizkuntzatan jartzea erabaki zuela «ahalik eta emakume gehienengana heltzeko». Euskarari buruz ere jardun zuen: «Lingua navarrorum hitz egiten duen pertsonak lanak baditu gazteleraz irakurri eta ulertzeko, arazo bat du, Nafarroako eremu ez-euskalduneko hizkuntza ez baitaki». Gehitu zuen espainiar guztiek jakin behar dutela gaztelaniaz, eta euskaraz dakitenek ez dutela baliabide horren beharrik. Marquesek, berriz, erantzun zion euskara zela bere ama hizkuntza, eta gogorarazi zion Nafarroako hizkuntza ofiziala dela.

Tuterako Udalak argitaratutako kartela.BERRIA

 

Tuteran indarkeria matxista pairatzen duten emakumeentzako arreta izenburu duen kartela azaroaren 25erako udalak antolatutako ekintzetako bat da. Izan ere, Tuterako Udalak bat egin zuen Nafarroan urtero antolatzen den Udalak genero indarkeriaren aurka kanpainarekin, aurten Haiengatik, guztiongatik lemapean egin dena. Kanpaina horren kartela euskaraz eta gaztelaniaz dago.

Hiriko eragileen abisua

Joan den astean, Tuterako 23 kolektibok ohar bat igorri zuten salatzeko udalak erabat gutxietsi eta alboratzen duela euskara. Hainbat kultur eragilek, talde feministak, jai batzordek, sindikatuk eta alderdik sinatu zuten idatziaren arabera, udala «euskarari erasotzen ari zaio bere azken argitalpenetan».

Marquesek osoko bilkuran egin bezala, gogorarazi zuten euskara, gaztelerarekin batera, hizkuntza ofiziala dela Nafarroan, eta lekua izan behar duela erakundeen dinamiketan. Indarkeria matxistaren aurkako kartelari buruz, esan zuten argi dutela udalak nahita hartutako erabaki bat dela: «Pauso bat gehiago da udal hori nafar guztion kultura eta hizkuntza desagerrarazteko asmoarekin egiten ari den bidean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.