Literatura

‘Gauzak direna balira’ liburua aurkeztu du Joseba Sarrionandiak Kubatik

Habanako gaukariaren hirugarren liburukia gaur aurkeztu dute, Donostian, eta idazleak bidalitako bideoa eman dute bertan.

Mikel Lizarralde - Amagoia Gurrutxaga Uranga
2020ko abenduaren 2a
11:35
Entzun

Bizitzea ez al da oso arriskutsua? (2018) eta Airea ez da debalde (2019) Habanako gaukaria-ren lehen bi aleak osatzera dator Gauzak direna balira, Joseba Sarrionandiaren azkeneko liburua, eta aurreko biek bezala, egunkari forma du. Gaur aurkeztu du liburua Pamiela argitaletxeak Donostian, eta ekitaldian izan dira Dana Moya kantaria, Gotzon Garaizabal argazkilaria eta Fernando Rey edizioaren arduraduna. Protagonismoa, ordea, Sarrionandiak berak hartu du, Habanan bertan hari grabatutako hamasei minutuko bideo bat eman baitute saioan.

Orain dela lau urte jakin zen Etxepare Euskal Institutuak Habanako Unibertsitatean zabaldu zuen Euskara eta Euskal Kultura irakurletzaren arduraduna izango zela Sarrionandia, eta orduan eman zien BERRIAri eta beste zenbait komunikabideri elkarrizketa luzea idazleak. Aurreneko aldia da, ordea, bideo baten bitartez bere liburu bat aurkezten duena.

Gaurko aurkezpenerako prestatutako hitzaldian, Sarrionandiak azaldu du Gauzak direna balira, egunkari bat izanda ere, ez dela «egunkari intimo» bat, «baizik eta ingurua eta mundua ulertzeko saiakerak». Gaukaria izanda —alegia, gauez idatzitakoa—, opakutasunera jotzen du liburuak, eta idazleak berak esan duenez, bera saiatu da «ilargiaren sekretario» lana egiten.

«Liburu bakoitza da egitura bat, idazmolde bat», Sarrionandiaren arabera, eta Gauzak direna balira-k, aurreko bi lanek bezala, egitura bati segitzen dio. «Forma oso konkretua dauka, egitura berezia, baina beti behar da egitura bat askatasuna izateko; askatasuna ez da ezerezean eraikitzen. Behar dira baldintza batzuk».

Literatura bilaketa prozesu batekin alderatzen du Sarrionandiak. «Bilatzen duzu zerbait beharbada ez dagoena. Behintzat ez da gauza estatiko bat eta erreal bat. Baina funtzionatzen du ortzemuga bezala. Bila zoaz, baina ez duzu aurkitzen; ez literaturan, ez politikan». Gainera, bilatzen den hori aldakorra ere badela uste du idazleak. «Esaterako, [Gabriel] Arestirentzat euskararen salbazioa gizarte komunista batean izango zen. Geroko belaunaldi gazteagoetan nahi genuen edo bilatzen genuen mirakulu literario bat, eta, orain, azkenaldian gizartea aldrebestu denez edo hainbat proiektuk frakasatu dutenez, gaude Orinokoan erdi galduta bezala. Puntu imajinario eta utopia horren bilaketan; bai literaturan, bai bizitzaren beste arlo horietan».

Literaturaren «Dorado imajinarioetara» iritsi ez arren, bilaketak berak «lanaren nekea» arintzen duten plazerak badituela uste du Sarrionandiak. «Liburu hau idazten ere plazer txiki horiek sentitu ditut, esaterako, hitzetan. Hitz batzuk aurkitu ditut, urre txiki batzuk». Gainera, euskaraz idazten duen aldetik, «komunitate» baten parte ikusten du bere burua idazleak. «Literatura egiteko orduan, niri ez zait interesatzen dirua... edo ez daukat ikuskizunean parte hartzeko anbiziorik. Baina pribilegiatua sentitzen naiz komunitate baten parte izateagatik». Hain zuzen ere, edertasuna bilatzeko modu bat baino gehiago, literatura «bizitza komunitarioan» parte hartzeko formatzat dauka Sarrionandiak.

Ur sakonetan

Fernando Reyk Sarrioandiaren beste liburu baten aipamena egin du, Gauzak direna balira editatzeak eman diona azaltzeko: «Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak liburuan, Sarrionandiak esaten du itzultzailea irakurle pribilegiatua dela, eta nik hori askotan sentitu izan dut itzultzaile aritu izan naizenetan. Oraingo honetan itzultzaile ez, baizik eta editore eta zuzentzaile lana tokatu zait, eta lantegi honetan ere irakurle pribilegiatua sentitu naiz. Aukera izan dut testua askotan irakurtzeko, idazlearekin hamaika aldiz hitz egiteko honetaz eta hartaz, eta saiakeraren ur sakonetan sartzeko».

Sakonera horietan «denetarik» aurki daitekeela nabarmendu du Reyk: jendearen bizitza asaldatzen eta gozatzen duten gertakari txiki eta handiei buruzko gogoetak, euskarari buruzkoak, orainari eta iraganari egindako begiratua, umore tantak, ironia, Euskal Herria, Katalunia, pandemia, Ernesto Cardenalen oroitzapena, Luis Eduardo Auteren kanta ezagunenaren itzulpena, indigenek jasandako izugarrikeriak, kapitalismoaren kontraesanak, sorginak, kanibalismoa... «Bada kontu bat nik nabarmenduko nukeena: euskaldun esklabistei buruzko gogoeta luzea egiten du, aipamenak eta kronikak bilduz».

Horiek guztiek saiakera berezi bat osatzen dute, Pamielakoaren ustez: mimoz prestaturiko edari bat. «Dosi txikitan eskaintzen dizkigu bere gogoetak, hemengo eta hango liburuetan aurkitutako gauzak, egunerokoan bizi izandakoak, jakinduria, ironia, ikerketa lana, eta, apaltasunez, galdera bat egiten digu: nik hau aurkitu dut, nik hau pentsatu dut... zuk zer uste duzu?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.