Ingurumena

Jaurlaritzak Zubietako erraustegiari ez dio onartu abiatzeko baimen bat luzatzea

Industria Sailak abuztuan eskaini zion martxan jartzeko behin-behineko akta azaroaren 15ean iraungi zen. Ekondakinek luzapena eskatu du, baina Jaurlaritzak ez dio onartu.

Ordezko transformadoreak, Zubietako erraustegiaren kanpoaldean. BERRIA
inaki petxarroman
2020ko abenduaren 2a
15:10
Entzun

Bide administratibo luzean beste harri bat jarri zaio Zubietako erraustegiari orain. Izan ere, industria jarduerari dagokion baimen garrantzitsu bat gabe geratu da. Abuztuaren 19an eman zion Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak martxan jartzeko behin-behineko akta Zubietako erraustegiari, baina baldintza gisa jarri zion ikuskatzean topatu zituen huts teknikoak azaroaren 15a baino lehen konpontzea.

Irailaren 1ean, baina, erraustegiaren transformadore nagusia martxan jartzerakoan, gailua erre egin zen. Horren ondorioz, Alemaniara bidali dute, eta orain herrialde hartan ari dira konpontzen. Hura ordezkatzeko, hiru itsas edukiontzi jarri zituzten, bina transformadore dutenak. Horien ahalmena 12 megavolt amperekoa da (Mva), guztira. Transformadore nagusiak 30 Mva-ko ahalmena duenez, haren potentziaren heren bat besterik ezin dute ordezkatu.

Kontua da ezen joan den azaroaren 15ean, erraustegia martxan jartzeko behin-behineko aktaren epea amaitu zenean, Ekondakin enpresak (Urbaser buru duen enpresa emakidadunak) baimen hori luzatzeko eskatu ziola Jaurlaritzaren Industria Sailari, baina hark ukatu egin dio. Horren ondorioz, Gurasos elkarteak Industria Sailari eskatu dio bertan behera uzteko instalazioaren jarduera, eta Jaurlaritzak horri buruz erabaki beharko du datozen egunotan. Izan ere, Gurasosen arabera, martxan jartzeko behin-behineko akta indarrean izan gabe, Jaurlaritzak bertan behera utzi beharko luke erraustegiaren jarduera. Zubietako instalazioa iazko azaroan hasi zen hondakinak errausten, probaldian. Arantxa Tapiaren Sailaren komunikazioak BERRIAri esandakoaren arabera, eurek ez daukate informazio horren berririk. Edonola ere, BERRIAk jakin duenez, Industria Saileko txosten teknikoak ez zaizkie helarazten arduradun politikoei, eta litekeena da modu ofizialean haren berririk ez izatea oraindik.

Duela bi aste kazeta honek galdetuta, GHK-k aitortu zuen transformadore nagusia konpontzen ari direla, baina ziurtatu zuen instalazioa ohiko funtzionamenduan ari dela, ordezko gailuen bidez. «Beraz, energia balioztatzen ari da». Gaur ohar bat kaleratu du, argitaratu diren albisteei erantzuteko. Hala, ziurtatu du erraustegiak indarrean dituela ingurumen baimen bateratua eta jarduera lizentzia, eta horiek «behin betikoak» direla. Halaber, berretsi du energia sortzen ari direla. Gurasosek gezurtatu egin du zaborra errez energia sortzen ari direla, transformadore nagusiaren faltan instalazioak ez baitu horretarako ahalmenik. Elkarte horrek berriki Red Electricak egindako txosten bat aipatu du, ziurtatzen duena erraustegiak ez duela argindarrik sortu urriaren 28ra arte, behinik-behin. Bestalde, BERRIAk jakin duenez, ordezko transformadore horien kostua hileko 700.000 eurokoa da. GHK-k ziurtatu du ez dela ezer ordaintzen ari, gertatutakoa «kontzesionarioaren ardura» baita. Sortu diren informazioen harira, baina, GHK-k aitortu du «informazio zehatza» eskatuko diola Ekondakini, falta diren administrazio tramiteak nola dauden jakiteko.

Transformadorearen arazoak

Ez da Zubietako erraustegiaren transformadoreak arazoak ematen dituen lehenengo aldia. 2019ko ekainean, eta Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren baimenik gabe, gailua konektatzeko lehen saiakera egin zuten. Transformadorean leherketa bat gertatu zen, eta lau hilabete igaro zituzten hura konpontzeko. Operazio hura Industriaren baimenik gabe egin zutenez, zigor txosten bat zabaldu zioten instalazioa kudeatzen duen enpresari.

Matxura haren ondorioz, hainbat hilabetez atzeratu zen instalazioaren probaldia. Jakinekoa denez, GHK-k eta enpresek sinatutako kontratuaren arabera, 2019ko ekainaren 3an martxan jarri behar zen instalazioa, eta hala egin ezean, pasatutako egun bakoitzeko 60.000 euroko isuna ordaindu beharko lioke enpresak kontsortzioari. Horrez gain, urriaren 3tik aurrera, beste 20.000 euro gehiago ordaindu beharko zituen enpresak egunero, martxan jartzeko epea atzeratzeagatik. Guztira, Gurasosek kalkulatu du 40 milioi euro inguru zor dizkiola jadanik Ekondakinek GHKri, kontratuak aurreikusten dituen atzerapenen trukeagatik. Izan ere, oraingoz instalazioa ez dago martxan. Berriki Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak aitortu du instalazioari azken baimen bat falta zaiola, martxan jartzeko akta, hain zuzen ere.

Ingurumen baimena

Halako instalazioek bi baimen nagusi dituzte. Bat ingurumenari dagokio, eta bestea, industriari. Ingurumen baimen bateratua 2020ko ekainaren 16an eman zion Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailburuorde Elena Morenok. Baimen hori emateko, ezinbestekoa da instalazioaren obra amaituta egotea. Horren ostean eman zion Eusko Jaurlaritzak jarduera industrialari dagokion behin-behineko akta. Gurasosek bi baimen horien arteko kontraesana ikusi du, eta, horregatik, gora jotzeko helegitea jarri zuen, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak ebatz zezan. Tapiak atzera bota du Gurasosen helegitea, ingurumen baimena eman zenean obrak amaituta zeudela ziurtatzen zuten teknikarien txostenak zeudela argudiatuta. Gurasosek EAEko Justizia Auzitegira eramango du eskaera hori datozen egunetan, erraustegiaren ingurumen baimen bateratua bertan behera uztea eskatzeko. Bi argudio ikusi ditu horretarako: obrak amaitu gabe egotea eta industriaren baimenik ez izatea.

Industria Sailak beste zigor bat jarri dio Ekondakini 2020an, agiriak faltsutzeagatik. Izan ere, Ekondakinek, ingurumen baimena lortu ahal izateko, instalazio elektrikoa behar bezala amaituta zegoela jakinarazi zion Industria Sailari. Hark, baina, hutsuneak topatu zituen gero egindako ikerketetan, eta, hori dela eta, zigor prozedura ireki zion.

Transformadore nagusian izandako bi istripu horiez gain, beste ezbehar larri bat ere izan du erraustegiak azken hilabeteotan, maiatzaren 7an Arkaitzerreka errekastoan egin zuen amoniako isuria, alegia. Ehunka arrain hil zituen isurketa toxiko horrengatik, erraustegiko lau arduradun ikertzen ari dira, delitu ekologikoa egin zutelakoan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.