Euskaraldia

Euskaraldian 180.000 pertsona ari dira parte hartzen

Bihar amaituko da ariketa soziala, eta izena eman dutenen herenek ez zuten parte hartu Euskaraldiaren lehen aldian.

jarraia190644.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko abenduaren 3a
12:16
Entzun

Pandemiak eragin dion arren, aurtengo Euskaraldiak parte hartze zabala izan du: guztira 179.780 lagunek eman dute izena. Duela bi urte 225.154 izan ziren. Hala ere, aurtengo aldi honetan parte hartu dutenen herenak ez ziren lehen aldi hartan ahobizi edo belarriprest rolean aritu. Hau da, 50.000 pertsona berri aritu dira 2020ko Euskaraldian.

Gainerakoan, aurreko aldiak utzi zituen antzeko proportzioak utzi ditu aurtengo Euskaraldiak ere: izena eman dutenen %77k ahobizi rola aukeratu dute, parte hartzaileen %62 emakumezkoak dira, eta, lurraldeen banaketari dagokionez, Euskaraldiarekin bat egin duten %44 gipuzkoarrak izan dira. Ariketa sozialarekin bat egin duen pertsonaren perfila, beraz, emakumezko ahobizi gipuzkoarra dela esan liteke.

Bizkaitik jaso ditu Euskaraldiak izen emateen %34, Nafarroatik %11, Arabatik %8,5, eta Iparraldetik %2,1. Adin tarteei dagokienez, parte hartzerik handiena 30 eta 44 urteko tartean izan da, izen emateen %35 pilatuz. 16-29 urte artekoak %23 izan dira; 45-59 artekoak, %29; eta 60tik gorakoak, %12.

Bihar amaituko da Euskaraldia, eta goizean agerraldi publikoa egingo dute ariketa sozialaren sustatzaileek, EHUk Bilbon duen Ingeniaritza Fakultatean. Bertan izango dira Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzailea, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzailea, Amets Lahetjuzan Euskal Konfederazioko ordezkaria eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.