Krisia EA-n

EAko kritikoek jarritako helegitea baliogabetu du epaileak

Kritikoek alderdiaren zuzendaritzari egotzi zioten dokumentu batzuk faltsutu izana, EAko primarioen prozesuaren aurkako salaketa baliogabetu zuen epaia baldintzatzeko, eta zuzendaritzak adierazi du epaileak atzera bota duela salaketa delitu zantzurik ez dagoelako. Halere, Alava eta Ruiz de Egino urtarrilean epaituko dituzte beste.

Maiorga Ramirez, Gasteizko epaitegian, iragan ekainean. DAVID AGUILAR / EFE
2020ko abenduaren 3a
18:22
Entzun

Miren Aranoa, Mikel Goenaga, Iratxe Lopez de Aberasturi eta Maiorga Ramirez EA Eusko Alkartasunaren sektore kritikoko kideek salaketa bat jarri zuten Mariano Alava Antolamendu idazkariaren eta Iker Ruiz de Egino EAko eledunaren aurka, eta egotzi zieten alderdikoak ez ziren pertsonen esku jarri zituztela babes berezia behar zuten datu batzuk. Gaur, Gasteizko Lehen Auzialdiko 7. zenbakiko Epaitegiko epaile batek esan du ez duela salaketa hori tramitatuko, eta duelako «delitu zantzurik atzeman».

EAk ohar batean azaldu du epaitegiak «atzera bota» duela salaketa, eta epaitegi horrek berak uztailean hartu zuen erabaki batekin lotu du hori. Orduan, adierazi zuten alderdiko primarioen prozesuan ez zirela Ramirezen eskubideak urratu, eta ohartarazi zuten Berme Batzordearen ebazpenak ez zirela «zuzenbidearen araberakoak». Sektore kritikokoek uztaileko erabakiaren ostean eskatu zioten epaitegiari azter zezala Alavak eta Ruiz de Eginok faltsutze deliturik egin ote duten.

Lopez de Aberasturik, Goenagak eta Aranoak —EAren Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaileak dira, hurrenez hurren— adierazi dute guztia Eba Blanco alderdiaren jarduneko idazkari nagusiaren «azpijoko bat» dela, Alavak eta Ruiz de Eginok egindakoa «estaltzeko» asmoz egina. Adierazi dute salatutako bi kideek datorren urtarrilaren 19an deklaratu beharko dutela epailearen aurrean, gaurko epaia eman duen epailearen erabakia «gainditzen» duen auzi batean. Gainera, epaitegi horrek uztailean hartu zuen erabakia «desitxuratzea» egotzi diote.

Sektore kritikoko koordinatzaile horiek esan dute EAko Antolamendu idazkaria eta bozeramailea auzipetuta daudela egun, eta EAk eta EH Bilduk haien dimisioa eskatu beharko luketela, alderdiaren eta koalizioaren kode etikoa betetzeko.

Alderdiaren zuzendaritzak nabarmendu du «zuzen» jokatu dutela, eta sektore kritikoari eskatu dio «barne eztabaida auzitegietatik ateratzeko», eta onartzeko negoziaziorako eskaintzak.

Iazko ekainean, Pello Urizar idazkari nagusiak dimisioa eman zuen, eta orduko primarioen prozesuan azaleratutako gatazkak gaur egunera arte jarraitu du. Maiorga Ramirez hautagaia zen primarioetan, baina alderdiaren hauteskunde batzordeak haren hautagaitza baliogabetu zuen, argudiatuz ez zuela bete lurralde bakoitzean gutxienez bost abal aurkezteko helburua, eta aurkeztuen artean 21 irregularrak zirela. Eba Blancoren hautagaitza izan zen, hortaz, onartutako bakarra.

Kritikoek auzitara jo zuten. Bi aste geroago, alderdiaren berme batzordeak arrazoia eman zion Ramirezi, ebatzi baitzuen haren hautagaitza «bidegabeki» bota zutela atzera. Blancok, baina, ez zion sinesgarritasunik eman ebazpen horri: «Berme Batzordea ez da ezeren bermea», adierazi zuen.

Auziak bere bidea egin zuen epaitegietan, eta, iazko azaroaren 11n, Gasteizko epaitegiak eten egin zuen Blancoren izendapena, behin-behinean. Epaileak nabarmendu zuen EAren Nazio Batzarrak eta zuzendaritzako zenbait kidek ez zituztela bete EAko Berme Batzordeak emandako azken ebazpenak, eta litekeena zela Ramirezen parte hartze politikorako eskubidea urratu izana.

Kritikoek adierazi zuten uztaileko epaiak «modu inkoherentean» ezeztatzen duela iazko azaroko ebazpena. «Nahiz eta epaiak erabat frogatzen duen egungo zuzendaritzakoek sistematikoki ez zituztela bete berme batzordearen ebazpenak, oraingoan baliorik gabe uzten du, eta horiek betetzetik libratzen ditu», salatu du. «Gure ustez, erabat inkoherentea da hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.