Katalunia

Buruzagi independentistei hirugarren gradua ukatu die Gorenak

Dolors Bassa kontseilari ohia eta Carme Forcadell parlamentuko presidente izandakoa espetxera itzuliko dira gaur, irteteko baimenak indargabetu baitizkiete; gainontzeko auzipetuei uztail amaieran kendu zizkieten kartzelatik irteteko baimenak.

Protesa bat Lledonerseko epetxe atarian, joan den uztailean, presoak aske uzteko eskatuz. SUSNNA SAEZ, EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Gorka Berasategi Otamendi
2020ko abenduaren 4a
10:56
Entzun

Bigarren gradura itzuli beharko dute preso dauden Kataluniako bederatzi buruzagi independentistek. Hala ebatzi du Auzitegi Gorenak, prozesu independentista sustatzeagatik hamahiru urterainoko espetxe zigorrak ezarri zizkien berak. Erabakiaren ondorioz, Dolors Bassa Generalitateko kontseilari ohiak eta Carme Forcadell parlamentuko presidente izandakoak espetxera itzuli beharko dute gaur, eta orain arte irteteko izan dituzten baimenak galduko dituzte. Haien kasuan, gainontzeko zazpienean ez bezala, hirugarren graduari eustea erabaki zuen espetxe zaintzako epaileak, fiskalaren eskariaren kontra, Gorenak azken erabakia hartu bitartean.

Horrez gain, presoek ezin izango dituzte jaso Zigor Kodearen 100.2 artikuluak bigarren gradurako aurreikusten dituen espetxe baimenak. Aukera hori ere ukatu egin die Gorenak gaurko ebazpenean. Espetxe zuzendaritzek, 100.2 artikuluaren bidez, kartzela ordu batzuetarako uzteko baimena aitortu zien, lan egiteko, senideren bat zaintzeko edota borondatezko lanak egitera joateko. Gorenak ebatzi du erregimenaren malgutze hori ez dela lotu «gizarteratze prozesu batekin». Horrenbestez, espetxean bigarren gradu hertsian izango dira, eta, COVID-19aren pandemiarengatik indarrean diren neurri bereziak ezarriko zaizkienez, egunean hogei ordu eman beharko dituzte beren ziegetan.

Presoek «mendeku gosez» jokatzea leporatu diote, erabakiaren berri izan dutenean. Forcadellek salatu du ebazpena hedabideen bitartez ezagutu duela. «Beti bezala, hedabideen bitartez jakinarazi digute espetxera sartu behar dugula. Lotsagarria da gureganako eta gure sendienganako errespetu falta».

Jordi Sanchez ANCko presidente ohi eta JxCko idazkari nagusiak legezko prozedurak urratzea egotzi dio estatuari. «Estatuak eta Auzitegi Gorenak gu itotzeko duten irmotasuna etengabea da, eta aurreikusteko modukoa. Ez da sorpresa izan. Legea behartzen dute, jurisprudentzia aldatzen, berme juridikoak eta eskubideak suntsitzen dituzte. Espainiak merezi du. Eta hemen, bien bitartean, urriaren 1ean horren indartsu egin gintuen hari galdua bilatzen ari gara».

Amnesty International elkarteak ere Gorenaren epaia salatu du. Haren esanetan, Sanchezek eta Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak hiru urte egin dituzte «era bidegabean» espetxeratuta. «Berehala» aske uzteko eta bien kontrako zigorra indargabetzeko eskatu dio auzitegiari.

Gorenaren erabakiaren ondorioz, soilik ohiko baimenak jasotzeko aukera izango dute zigorraren laurden bat betea duten presoek. Oraingoz, Sanchezek, Cuixartek, eta Joaquim Forn eta Josep Rull Generalitateko kontseilari ohiek betetzen dute baldintza hori.

Bederatzi auzipetuen kasuan, espetxe zaintzako epaileek ontzat eman zuten presoei hirugarren gradua ezartzea, espetxeetako tratamendu batzordeen proposamenari jarraituz; Bassaren eta Forcadellen kasuan, epaileek adierazi zuten «delituaren larriak» eta ezarritako zigorrak ez zutela horretarako oztoporik jartzen, eta gainontzeko zazpienean, fiskaltzari egotzi zion auzipetuei «zigor eredugarria» jarri nahi izatea.

Aldiz, fiskaltzak Goreneraino eraman zuen auzia, eta hark bestelako iritzia eman du. Haren arabera, denbora gehiago behar da presoen eta espetxe tratamenduaren garapena ikusteko, batez ere zigorrak horren luzeak diren kasuetan —bederatzi eta hamahiru urte artekoak—. Hirugarren gradua ezartzea neurri «goiztiarregia» dela adierazi du.

Horrez gain, epaiak nabarmendu du presoetatik bakar batek ere ez duela zigorraren erdia bete, eta gehienek, laurden bat ere ez. Manuel Marchena magistratua buru duen epaimahaiak nabarmendu du «salbuespen kasuetan soilik» ematen zaiela hirugarren gradua zigorraren laurden bat betea ez duten presoei: «Argudio indartsuak eskatzen ditu halako kasu batek».

Gorenak espetxe zaintzako epailearen kritikak ukatu ditu, eta argudiatu du auzipetuetatik bakar bat ere ez dela zigortua izan Kataluniaren independentzia nahi izateagatik: «Erreforma edota haustura bilatzen duten ideiak ez dira delitu. Horien zilegitasuna ezin da zalantzan jarri. Oker dago epailea fiskaltzaren helegitea bide horretatik doala iradokitzen duenean». Hala, Oriol Junqueras presidenteorde ohiaren aurkako zigorra jartzen du adibidetzat, eta zehazten hura diru publikoa oker erabiltzeagatik ere izan zela zigortua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.