Euskararen erresilientzia goretsi du Kirmen Uribek poema berri batean

'Hitzen bat arrastoan' poema irakurri zuen atzo idazle ondarroarrak Durangoko Azoka zabaltzeko ekitaldian. Hizkuntzaren historiako pasarterik beltzenak laburbiltzen ditu, eta, besteak beste, 'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxiera aipatzen du.

Kirmen Uribe, New Yorken. NEREA ARRIETA
Edu Lartzanguren.
2020ko abenduaren 5a
10:20
Entzun

Durangoko 55. Azoka zabaltzeko ekitaldia egin zuten atzo, Landako Gunean, eta horretarako propio ondutako poema bat errezitatu zuen Kirmen Uribe idazleak. Uribe ez zen Durangon, halere, baizik eta New Yorken, eta handik bidalitako bideo baten bidez zabaldu zuen olerkia.

Euskararen sorkuntzaren historia moduko bat kontatzen du Uribek poeman. Erromatarren garaian harrietan zizelkaturiko hitz bakanen berri emanez hasten da. Batez ere hizkuntzaren historiako pasarterik beltzenak nabarmentzen ditu. Frankismoan haurrei eskoletan euskaraz hitz egiteagatik ezarritako zigorrak aipatzen ditu, esaterako. Horrez gain, gogoan hartu du Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera. Poema, edonola ere, ez da iluna, itxaropenez beterik baitago. Izan ere, kolpeak kolpe, eledunek hizkuntza bizirik iraunarazteko eduki duten sena, grina eta kemena nabarmendu ditu poetak.

Hona olerkia osorik:

HITZEN BAT ARRASTOAN

Ez al zuen harginak, Erromatarren garaian,
'Andere' hitza irarri hilarriaren hotzean?
Ez al zuen monakoak, Erdi Aroko Errioxan,
'beldur' hitza ezkutatu
gaztelaniazko poemaren barruan?.
Amenduxek euskaraz jarri zituen
Iruñeko kartzelako penak.
Liburuzainak Lazarragaren liburua
beste baten barruan gorde zuen.
Ez al zion eutsi ia bostehun urteko ilunbeari?

Frantziar iraultzako terroreari
umore biziz erantzun Monhok.
Ez al zuen Bonaparte printzeak
erronkarieraz aditu Burgin?
Ez al zuen euskaraz amets egin hil arte
Fidela Bernat haren azken hiztunak?
Muñagorrik euskaraz salatu zituen
karlistadetako triskantzak.
Ez al zuen Bixenta Mogelek bere burua
euskal idazletzat aurkeztu?

Gerra zibilean liburuak ezkutatu egin genituen
baratzeetan, berba berriz loratu zirenak.
Ez al zituen Orexako jeinuak
Peruko erbestean moldatu olerkirik ederrenak?

Euskaraz hartzen zuten min diktadurako eskolako umeek.
Ez al zion Arrizabalaga gazteak euskaraz erantzun
Burgosko epaile militarraren sable hotsari?
Beste inon ezin eta etxeetan biltzen ziren
hastapeneko ikastoletako haurrak.
Ez al genuen ikasi 70eko hamarkadako autoetan
eta Mikel Laboaren kasetak entzunez
baginela herri bat?

Lehenengo Korrikan
zenbat jendek egin zuen lasterka?
Egunkaria itxi zutenean,
ez al zen biharamunean atera beste bat?

Egoerarik zailenetan eutsi diogu euskaldunok,
milaka urteetako arnas luzean.
Belaunaldiz belaunaldi utzi dugu
hitzen bat arrastoan.
Eta arrastoari beste norbaitek eman dio segida.

Aurten pandemiak itxi dizkigu
Durangoko ateak.

Baina barruko ateak, horiek,
beti ditugu zabalik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.