Esako urtegia

Esako urtegia apurtuz gero Zangozan zer gertatuko litzatekeen simulatu dute

Minutu gutxiren buruan, urak Nafarroako herri hori ia osorik hartuko luke, Zaragozako Unibertsitateak eginiko ikerketaren arabera.

Edu Lartzanguren.
2020ko abenduaren 5a
11:54
Entzun

Ordenagailuz eginiko simulazio bat besterik ez da, baina beldurgarria. Esako urtegia handitzeko lanen eraginez, urari eusten dion horma apurtuko balitz, horrek Zangozan (Nafarroa) eragingo lukeen hondamendia erakusteko simulazioa egin du Zaragozako Unibertsitateak (Espainia).

Cesar Gonzalez Cebollada ingeniariak Fluidoen Mekanika irakasten du unibertsitate horretan, eta hark egin du simulazioa. Bideoan azaltzen duenez, fotograma bakoitzak benetako denborako bi minutu irudikatzen ditu, eta bi minutura heltzen ez den simulazioak zazpi ordu laburbiltzen ditu.

Horma hautsita ura zabaltzen ikusten da Aragoi ibaiaren arrotik. Minutu gutxiko tartean, Zangozara helduko litzateke uholdea. Irati ibaiaren arroaren zati handi bat ere ur azpian geratuko litzateke. Bideoak zehaztasun handiz erakusten du gero urek Zangozari nola eragingo lioketen. Herriaren %80-90 artean hartuko luke urak. Kaskoaren tokirik altuenetan, 0-4 metroko altuera hartuko luke uholdeak. Baina ibaitik gertuenen dauden lekuetan, tokirik baxuenetan, hamasei eta zortzi metro arteko garaierara helduko litzateke.

Baina gertatuz gero, hondamendia handiagoa izan zitekeen. Izan ere, simulazioak ez ditu parametrorik larrienak erabili. Urtegiari gehitu dioten horma haustea bakarrik hartu du kontuan, pareta zaharra apurtu gabe. Apurtzeko denbora 5,6 ordu izatea erabaki dute simulazioa egiteko.

Eztabaida handia dago Esa handitzeko lanen segurtasunaren inguruan.

Urriaren 14an, nahasmena eragin zuen Teresa Ribera Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroak Kongresuan. Kontrol saioan, adierazi zuen Esako urtegia handitzeko lanetan ez dutela urrats bat aurrera egingo harik eta bideko ingeniariekin azpiegitura handitzea «erabat segurua» dela ziurtatu arte. Hori entzunda, askok ondorioztatu zuten obrak gelditu egingo zituztela. Baina Riberak gezurtatu zuen hori.

Hainbat geologok arriskuaz ohartarazi dute azken urteotan, Esako urtegiko eskuineko hegala mugitzen ari delako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.