Arrazakeria

Basaksehireko eta PSGko jokalariek zelaia utzi dute, epaile baten «irain arrazistak» salatzeko

Bart jokatu zuten Txapeldunen Ligako neurketan izan zen. Bi taldeetako jokalariek 14. minutuan uko egin zioten jokatzeari, eta gaur jokatuko dituzte falta diren minutuak epaile laukote berri batekin. Pierre Webo Osasunako aurrelari ohia da iraina jaso duen Basaksehireko kidea.

Pierre Webo, atzo, neurketako epailearekin eztabaidatzen. IAN LANGSDON / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko abenduaren 9a
10:07
Entzun

Negru. Hala deitzen zaie pertsona beltzei Errumanian, eta hala deitu zion atzo PSG-Basaksehir Txapeldunen Ligako neurketako laugarren epaileak Pierre Webori; kamerundarra, hainbat urtez Osasunako aurrelari izandakoa, Istanbuleko Basaksehireko talde teknikoko kidea da orain. Protesta egiteko, bi taldeetako jokalariek zelaia utzi zuten 23. minutuan, eta bertan behera geratu zen neurketa. Hainbat orduz negoziatzen jardun eta gero, UEFAk gaur goizean jakinarazi du gaur arratsaldeko 18:55etan berrekingo diotela lehiari, beste epaile laukote batekin.

Gertakaria 14. minutuan izan zen. Une hartan, epaileak Webori txartel gorria erakutsi zion, bere erabaki bat modu desegokian protestatzeagatik. Basaksehireko kidea, ordea, laugarren epaileak iraindu egin zuelako ari zen kexatzen. «Kanporatu beltza», esan zion errumaniarrez Sebastian Coltescu laugarren epaileak epaile nagusiari, Ovidiu Hategani.

Orduan, haserretu, eta behin eta berriz errepikatu zion Webok Coltescuri: «Zergatik deitu didazu negru?». Laugarren epaileak azaldu zion euren hizkuntzan ez duela esanahi iraingarririk hitz horrek. Hori entzundakoan, ordea, aulkian zen Basaksehireko Demba Ba aurrelaria ere sartu zen eztabaidan.

Hala, hamar minutuz geldirik egon zen norgehiagoka. Bi taldeetako jokalariak hurbildu ziren aulkitxoen gunera, eta hainbatek azalpenak eskatu zituzten; besteak beste, Neymarrek eta Mbappek, PSGko izarrek. Azkenean, jokalariek zelaia uztea erabaki zuten afera argitu bitartean. 

Sareetan arrazakeriaren aurkako mezuak zabaldu dituzte bi taldeek, baita neurketa jokatu zuten jokalariek ere. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak ere idatzi du: «Pierre Weboren aurka egindako irain arrazistak gaitzetsi nahi ditut, eta espero dut UEFAk beharrezko neurriak hartuko dituela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.