Merkataritza

Aretxabaletako merkatari txikiak inperioaren kontra, Eguberrietako bideoan

Edu Lartzanguren.
2020ko abenduaren 10a
09:02
Entzun

Dagoeneko tradizio bihurtu da Aretxabaletako (Gipuzkoa) merkatari txikiek Eguberritan bideo bat plazaratzea, herritarrei eskatzeko herrian bertan egin ditzaten erosketak. Aurtengoan, nola ez, koronabirusaren izurriak eragin du.

Kepa Errasti herriko aktorearen laguntza eduki dute, eta Monty Pythonen Brianen bizitza filmean oinarritu dira. Izan ere, merkatari txikiek ere inperio baten borrokaren erdian daude: ez Erromakoa, baizik eta Amatzon deiturikoa. Gurutzetan agertzen dira herriko merkatari martiriak. Baina filmean bezala, egoera ezin latzagoa izan arren, mezua positiboa da: Always Look on the Bright Side of Life (Erreparatu beti bizitzaren alde argiari) amaierako kantua euren egoerara ekarri dute: Bizipoza ez dusku inork eruengo! (Bizipoza ez digu inork eramango!) abesten dute Errastik, merkatariek eta herritarrek, Gabonetako argiz inguraturik.

Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren inguruko Sisiforen paperak antzezlanean dabil Errasti egunotan.

2014tik, umorez

Urtero bideo umoretsu baten bidez egiten diote aurre merkatariok egoera latzari. Iazkoan, La casa de papel telesaila hartu zuten aintzat. Itziar Ituñok lagundu zien orduan.

[youtube]https://youtu.be/4nuGDPM6y6c[/youtube]

2018. urtean, Kataluniako procés-ean eta Carles Puigdemont orduko presidentearen egoeran oinarritu ziren.

[youtube]https://youtu.be/aOt4Y394he0[/youtube]

2017an eduki zuten lagun, lehen aldiz, Errasti aktorea, Freddie Mercuryrena egiten, Queenen Somebody to Love kantarekin.

[youtube]https://youtu.be/aYj-kzSEogI[/youtube]

Aurreko urtean, Olentzero berak hartu zuen parte bideoan.

[youtube]https://youtu.be/prxIAmpCoqg[/youtube]

2015ean, Darth Vader herrira eraman zuten, orduan ere merkatariak alde argira eramateko.

[youtube]https://youtu.be/z4Tqv8ZmQI8[/youtube]

Esan bezala, 2014. urtean hasi zuten Eguberrietan bideoak egiteko tradizioa. Orduan Bizarzuri jarri zuten, gero urtero behin eta berriz zabalduko zuten mezua barreiatzen: erosi herrian bertan.

[youtube]https://youtu.be/583RkG4Zlfw[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.