«Euskara eta hizkuntz eskubideak bermatu ezean, giza eskubideak bete gabe jarraituko dute Euskal Herrian». Salaketa argia egin du Behatokiak, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira ateratako oharrean. Nabarmendu duenez, giza eskubideak ere oinarrizko eskubide direla aitortzen du Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak. Horrenbestez, Behatokiaren hitzetan, «oinarrizkoa» da euskara eta hizkuntz eskubideak bermatzea.
Euskal Herrian egoera bestelakoa dela uste dute, eta argi dute egoera «makurtu» egin dela pandemiarekin. Datuak eman dituzte hori berresteko: lehen olatuan, aurreko urtean sasoi berean jasotako kexuak halako bi jaso zituen Behatokiak, eta bigarren olatuan ere ez da itzuli lehengora. Hizkuntz eskubideen urraketak hainbat eremutan gertatzen direlakoan daude. Zaintzara, osasungintzara, lan esparrura, lege eta ondasunei dagozkien zerbitzuetara, hezkuntzara eta aisialdira begira jarri da Behatokia.
Urraketak, hainbat esparrutan
Zaintzari erreparatu dio Izaskun Gaubeka Behatokiko zuzendariak. «Ezinbestekoa» iruditzen zaio zaintza zerbitzu guztietan euskara txertatzea, «berebiziko garrantzia duelako Euskal Herrian bizi diren guztien ongizatea eta gizartearen elkarbizitza eta eraikuntza sozial, indibidual eta kolektiboa bermatzeko». Horregatik, Gaubekak uste du pertsona zaurgarrienei euskaraz bizitzeko eskubidea izateko baliabideak eta aukera eskaini behar zaiela.
Osasungintzan, berriz, Behatokiak aipatu du aldea dagoela herriaren edo eremuaren arabera. «Hala ere, guztietan profesional euskaldunak falta dira». Gaubekak deritzo egoera «bereziki larria» dela esparru batzuetan: pediatria, psikologia, psikiatria... Eta gogorarazi du erditzearekin eta heriotzarekin lotutako osasun zein zaintza zerbitzuetan «aparteko garrantzia» duela bertako hizkuntza erabiltzeak. Ziurtatu du hori ez dela kontuan izan pandemian: «Pandemia honek eragindako aldaketa guztietan hizkuntza ez da kontuan izan, horrek herritarren osasunean ere duen eraginaz jabetu gabe».
Gaubekak uste du lan esparruan ere «oso ohikoak» direla hizkuntz eskubideen urraketak . Haren hitzetan, bezeroek, kontsumitzaileek eta herritarrek ez daukate «inolako bermerik» zerbitzuak euskaraz jasotzeko. Hori konpondu beharra dagoela azpimarratu du: «Herritar guztiok eskubidea izan beharko genuke euskaraz lan egin ahal izateko eta baliabideak eta laneko formakuntza euskaraz izateko».
Egoera antzekoa dela uste du Gaubekak legeei eta ondasunei lotutako zerbitzuetan: «Oinarrizko zerbitzu jakin batzuetan, ia ezinezkoa egiten zaie herritarrei euskaraz jaso ahal izatea: notariotza zerbitzuetan, justizia eremuko zerbitzuetan edo azken borondateen agiria osasun zerbitzu publikoan egiterakoan».
Hezkuntzan ere aldaketak beharrezko ikusten ditu Gaubekak, euskara «ardatza» izan dadin hezkuntza osoan: «Euskaraz ikastea eskubide unibertsala izanik, behar-beharrezkoa da doakotasuna eta hezkuntzan ondo integratuta egotea, herritarrek hizkuntza berdintasunean ikas dezaten». Bereziki, Lanbide Heziketako egoerak kezkatzen du, eskaintza «oso urria» delako.
Aisialdian eta bizitza sozialean ere erdarak nagusitzen direlakoan dago Gaubeka. Haurrei eta gazteei begira jarrita, komunikabideetan haientzako eskaintza indartu beharra aipatu du, eta telebista publikoko euskarazko haurrentzako kateak duen egoera gogorarazi du: «Oraindik ezin da euskararen lurralde guztietan ikusi».