Zahar egoitzak

Nafarroako egoitza berrietan 200 leku eskaini ahalko dira gehienez

130 leku adinekoentzat izango dira, eta 70 menpekotasunen bat dutenentzat.

Iruñeako Erruki Etxea. IñIGO URIZ/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2020ko abenduaren 10a
15:39
Entzun

Nafarroako Gobernuak egoitza berrien inguruko dekretua onartu du; berrehun leku eskaini ahalko dituzte gehienez, 130 adinekoentzat eta 70 menpekotasunen bat dutenentzat. Dekretu berriak egoitzetako egoiliar kopurua mugatuko du, eta hamasei laguneko bizikidetza unitateetan banatuko du espazioaren %65 gutxienez.  “Egoiliarren beharrizanetara gehiago moldatzen den eredu bat” ezartzeko asmoz onartu dituzte neurriak.

Nafarroako Eskubide Sozialen Sailak proposatu ditu neurriok. Egoitzetako gehienezko egoiliar kopurua aurreko legeetan ere zehazten zuen, baina lehen aldia da eremuen banaketa zehazten duena. Horiek horrela, gelek gutxienez 14 metro koadro izan beharko dituzte, 20 metro koadro birentzako gelak badira, eta horiek komuna izan beharko dute. Hain zuzen ere, egoitzetako gelen %80an izan beharko dute komuna. Bestalde, zentro berrietan espazio askotarikoak sortzea aurreikusi du: egongela, sukaldea edota Interneteko gunea banatuta.

Lege berriak egoiliarren beharrizanen arabera sailkatuko ditu zerbitzuak, beren soslaiaren arabera izan beharrean, eta horrela sailkatuko ditu egoitza edo zerbitzu motak ere: egoitza, tutoretza menpeko pisua, eguneko zentroak eta etxegabeentzako zerbitzuak besteak beste.

Neurri berriekin zerbitzu guztien “normalizazioa” bultzatu nahi dutela azaldu du Ines Frances Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendariak. Egoiliarren familia eta ingurugirotik “ahalik eta hurbilen dagoen egoera bat” sustatzeko helburua du programak.

Herrialdean dauden 525 zerbitzuei ez die eragingo dekretu berriak, baina moldaketak egin beharko dituzte 15 leku berri baino gehiago sortzen badituzte etorkizunean egindako lanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.