Harreman afektiboak

Euskal herritarren zoriontasun afektiboa 7,4 puntukoa da

Euskal herritarren harreman eta zoriontasun afektiboa eta sexuala aztertu ditu 'Kaixomaitia.eus' atariak, Aztiker ikergunearen laguntzarekin. Harreman eredu klasikoa gailentzen da.

Bikote bat, ilunabarrean. ETIENNE LAURENT/EFE
jakes goikoetxea
2020ko abenduaren 11
15:39
Entzun

Euskal herritarren zoriontasun afektibo-emozionala 7,4 puntukoa da; zoriontasun sexuala, berriz, 6,2koa. Datuak beste era batera emanda, lau euskal herritarretatik hiru zoriontasun afektibo-emozional handia edo oso handia dute, eta %56k, zoriontasun sexual handia edo oso handia. Adinaren araberako bilakaera aztertuz gero, bi marrak paraleloan doaz. Zoriontasun sexualari dagokionez, gainerako %44ek esan dute erdipurdikoa, apala edo oso apala dela.

Harreman eredu klasikoa nabarmentzen da Kaixomaitia.eus-ek 2020an egin duen ikerketan: bikotea, bikote heterosexuala eta harreman mota itxia. Bikote harreman itxia dute gehienek (%70); bost urte barru bikotekide berarekin jarraitzea espero dute (%79,7), eta bikotekidea ez dutenen %59k ere hori nahi dute. %6k ez dute bikotekiderik nahi. Konfiantza eta zintzotasuna bilatzen dituzte harremanetan (%78,4), elkarrekiko maitasunaren (%68,3), ondo pasatzeko pertsona baten (%58,9) eta sexuaren aurretik (%47,2).

Kaixomaitia.eus-ek 2016an egin zuen euskal herritarren harreman afektiboei eta sexualei buruzko ikerketa. Orduan, 4.000 lagunek erantzun zituzten galderak, eta 1.500 laguneko lagin bat osatu zuten. Aurten, 8.000 lagunek parte hartu dute, eta 4.500 pertsonako lagin bat osatu dute, errealitatearen ahalik eta antzekoena izateko. Nabarmentzeko moduko datua da, bai aztertutako gaien intimotasunagatik, bai inkesta oso zabala izan delako, 73 galderakoa. Aztiker arduratu da inkestaren zorroztasun teknikoaz eta datuak ustiatzeaz. Lagina osatzeko eta ponderazioa egiteko, bost aldagai erabili dituzte: hizkuntza gaitasuna, sexua, adina, herrialdea eta boto asmoa.

Salbuespena dira harreman irekiak: %16k soilik izan dituzte. Hala ere, beste %16k bere egungo harremana irekiko lukete. Proportzioa handiagoa da gizonen artean emakumeetan baino. Iritzi zabalduena da harreman irekiak ez direla bideragarriak luzera begira (%44,7); baina lautik batek uste du (%23,4) irekia izateak bikotearen heldutasuna erakusten duela.

Euskal herritarrek astean behin, bitan edo gutxiagotan izaten dituzte, batez ere, sexu harremanak: astean behin edo bitan %36,8k, astean behin baino gutxiago lautik batek (%25,7), eta hilean behin baino gutxiago %14,5ek. Sexu harremanik ez dute hamarretik batek (%10,9). Sexu harremanik ez dutenen artean, proportzio handiagoa da homosexualen (%14,7) eta bisexualen (%19,1) artean, heterosexualen artean baino (9,7). Gehienek, %44k, sarriago izan nahi lituzkete sexu harremanak, astean hirutan edo gehiagotan. Astean behin edo bitan %38,8k. Batez beste astean sexu harreman bat izaten da (0,97); ikerketan parte hartu dutenek hiru (2,97) nahi lituzkete, ordea.

Pornografiaren kontsumoa zabalduta dago. %40,3k esan dute ez dutela pornografiarik kontsumitzen. Gainerako guztiek bai, maizago edo bakanago. %5,9k egunero, eta %14,5ek astean bitan. Gazteenek kontsumitzen dute gehien. 18-29 urte artekoen %40k, astero edo sarriago. Gizonen %98 masturbatzen dira, eta emakumeen %94. Gizonen %12,5, egunero; emakumeen %2,5.

Euskal herritarren %14,9ri bere sexu berekoekin sexu harremanak izatea gustatuko litzaieke. Alde nabarmena dago gizonen eta emakumeen artean: lau emakumetik bati gustatuko litzaioke (%24,2); hamar gizonetik bati, ordea.

Sexua ez da tabua, baina herritar askok jarraitzen dute bikotean sexuari buruz hitz egin gabe edo oso gutxitan hitz egiten, ia lautik batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.