Indarkeria matxista

Eraso lesbofobo bat salatu du Irantzu Varela kazetariak

Basauriko Udalak salaketa zuzentzeko eskatu dio, ustezko erasotzailea ez delako dagoeneko udal arkitektoa, feministak mezu batean hala adierazi badu ere, iaz hartu baitzuen erretiroa. Udalaren jarrera gaitzetsi dute sare sozialetan.

Irantzu Varela kazetaria eta ekintzaile feminista. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Edu Lartzanguren.
2020ko abenduaren 14a
18:42
Entzun

Irantzu Varela kazetariak salatu duenez, eraso lesbofobo bat pairatu zuen atzo, auzo batzuekin edukitako eztabaida baten harira.

Kontatu duenez, aldameneko etxebizitzan bizi duen bikoteak txirrina jo zuen atzo gauean, eta etxera sartu zitzaion, haserre, Varelak birziklatzeko kartoia ezkaratzera atera zuelako. Kontatu duenez, gizonak lau ukabilkada eman zizkion aurpegian. Jotzen zuen bitartean, «lesbiana nazkagarria» eta «mari-mutil» esan zion gizonak.

Kazetariak gertatutakoaren berri eman zion Ertzaintzari, eta haren etxera joan ziren agenteak. Varela sendagilearengana joan da gaur goizean, zaurien txostena egiteko, salaketarako.

Kazetariak zer gertatu zitzaion jakinarazi zuen Twitterren, erasotzailea «Basauriko Udaleko arkitektoa» zela azalduta. Baina udalak Twitterren bidez erantzun dio, zuzenketa eskatzeko: «Zuzenketa exijitzen dugu funtzionarioaren eta Basauriko Udalaren izen ona gordetzeko», idatzi dute udalaren Twitterreko kontuan. Antza denez, ustezko erasotzaileak kargu hori eduki zuen 2019ra arte, eta orain erretiroa hartuta dago.

«Aurrekoa da. Erretiroa hartu du. Oraintxe jakin dut. Nik elkartasun edo sostengu apur bat eskatuko nioke hazten ikusi nauen herriko udalari, baina askotxo eskatzea izango dela imajinatzen dut», idatzi du Varelak.

Udalaren txioak erantzun mordoa eragin du sare sozialean. Gehienetan, erasoaren biktimari kezkarik eta elkartasunik ez adieraztea leporatu diete Basauriko Udalari, erasoa gaitzetsi ez izana, eta bere izena zaindu nahi izatea, erasoa pairatu duen emakumearen osasunaren aurretik. Ordu batzuk geroago, beste txio bat zabaldu du Basauriko Udalak. Horretan idatzi dutenez, «Udalak eraso matxistari hori arbuiatzen du zalantzarik gabe», eta «elkartasun guztia» azaldu diote Varelari. Halere, euren aurreko jarrera defendatu dute.

Varela kazetari eta ekintzaile feministak (Portugalete, Bizkaia, 1974) eraso ugari jasan ditu azken urteotan. Iaz, pintaketak egin zizkion eskuin muturreko talde batek, eta haren datu pertsonalak zabaldu zituzten sare sozialetan. Erasook salatu zituen BERRIAk eginiko elkarrizketa batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.