Naziometroa: burujabetzaren barometroa

jon olano
2020ko abenduaren 17a
11:30
Entzun

Telesforo Monzon Laborategiak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerketa taldeak osatu dute Naziometroa, zio batek bultzatuta: “Euskal Herri mailan burujabetza eta independentzia asmoek politikaren erdian jarraitzen badute ere, ez dago oso argi burujabetza, autogobernua, independentzia eta horiek zeharkatu ditzaketen gaien inguruko herritarren iritzia zein den. Naziometroaren bidez Euskal Herrian herritarrek gai hauen inguruan dituzten iritzi eta hautemateak aztertu nahi dira”. Hori modu jarraian egin nahi dute: “Neurketa puntual edo koiuntural batetik harantzago, urteroko maiztasuna izango duen barometro bat osatu da iritzi joerak aztertu ahal izateko”.

Funtsean, honakoak izango dira ikerketaren helburu nagusiak: “independentzia nahia neurtzea” eta horretarako nahiz unionismoaren aldeko hauturako arrazoi nagusiak zehaztea, “unean uneko abagune politikoan Euskal Herri osoa bilduko duen estatu edo errepublika baten aurreko jarrerak” neurtzea, jarrera horien atzean egon daitezkeen motibazio ekonomiko, politiko, sozial eta abarrak neurtzea, “atxikimendu gehien jaso dezaketen hitz edo kontzeptuak ezagutzea”, “subiranotasunak lurraldeka garatuta burujabetza orokorrari egin diezaiokeen ekarpena neurtzea” eta “jarrera eta iritzi horien ezaugarritze soziodemografikoa” egitea.

Batzorde Zientifiko bat osatu dute, inkesten emaitzen berariazko irakurketa burutzeaz arduratuko dena. Batzorde honen ardura izango da, halaber, Naziometroaren zehaztasun zientifikoa bermatzea. Landa-lana Aztiker soziologia ikerguneak egingo du.

1.289 elkarrizketa egin dituzte: Araba, Bizakaia eta Gipuzkoan 629 inkesta egin dira, 420 Nafarroan eta 240 Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Landa-lana urriaren 2tik azaroaren 9ra egin zen. Elkarrizketak telefonoz edo online egin dituzte, euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez, elkarrizketatuen nahiaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.