Macronek positibo eman du koronabirusean

Zazpi egunez bakartuko da Frantziako presidentea. Jean Castex lehen ministroa eta Pedro Sanchez Espainiako presidentea ere bakartu egin dira, Macronekin kontaktuan izan direlako.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea Parisko Eliseo jauregian, atzo. IAN LANGSDON / EFE
Julen Aperribai.
2020ko abenduaren 17a
12:51
Entzun

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak positibo eman du PCR proban, Eliseo jauregiko iturriek ohar batean jakinarazi dutenez. Zazpi egunez bakartuta egongo da Macron, eta telematikoki erantzungo die dituen topaketei, oharraren arabera, baina aitortu dute agendan moldaketak egin beharko dituztela. Presidentetzako iturriek argitu dute Macronek "lehen sintomak izan eta berehala" egin zuela PCR proba, eta gaur jaso duela emaitza.

Jean Castex lehen ministroa ere bakartu egin da, Macronen positiboaren berri izan ostean. Frantziak txertaketa kanpaina egiteko zer irizpideri jarraituko dien azaltzeko agerraldia egitekoa zen Senatuan Castex, gaur arratsaldean, baina bertan behera utzi du. Senatuak berak azaldu du, ondoren, arrazoia. Castexek berak ere PCR proba bat egin du, baina haren iturriek adierazi dute oraindik ez dutela probaren emaitza jaso. Richard Ferrand Asanblea Nazionaleko presidenteak ere erabaki bera hartu du, eta bakartu egingo da zazpi egunez, asteartean Macronekin gosaldu zuela eta.

Berrogeialdiak, errenkadan

Kontaktu zerrenda luzeagoa da, ordea, eta herrialdeko mugetatik haragoko zenbaiti ere eragin die Frantziako presidentearen positiboak. Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin, Charles Michel Europako Kontseiluko presidentearekin eta Angel Gurria OCDEko idazkari nagusiarekin elkartu zen Macron astelehenean. Moncloak jakinarazi du Sanchezek bertan behera utzi dituela konpromiso guztiak, eta bakartu egingo dela bera ere. Gutxienez abenduaren 24ra arte berrogeialdian egongo da Espainiako presidentea; alegia, Macronekin elkartu zenetik hamar egun igaro arte. Sanchezek ere COVID-19aren proba bat egingo duela zehaztu dute.

Michelek ere berrogeialdia egingo duela adierazi du Barend Leyts haren idazkariak, baina bakartzeko erabakia "badaezpada" hartutakoa dela esan du, Twitter bidez. "Gertuko kontaktua ez dela jakinarazi diote Frantziako agintariek presidenteari. Erregularki COVID-19aren testak egiten ditu presidenteak, eta negatibo eman zuen asteartean".

Antonio Costa Portugalgo lehen ministroa ere berrogeialdia egitera behartu du Macronen positiboak. Izan ere, elkarrekin izan ziren atzo. "Osasun agintariek arriskuaren inguruko balorazio bat egin arte" hala egongo dela jakinarazi du Portugalgo Gobernuak.

Frantziako Gobernuak Ministro Kontseilu bat eta Defentsa Kontseilu bat egin ditu asteon, eta bietan izan da Macron. Hala ere, Eliseoko iturriek argitu dute bilkura horietan izan zirenek ez dutela bakartu beharko, maskarak jantzita eta distantziak errespetatuta egin zituztelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.