AURREKONTUAK

Aurrekontuen tramitazioa abiatu du Eusko Legebiltzarrak

Otsailaren 11n izango da behin betiko bozketa.

Bakartxo Tejeria eta Pedro Azpiazu. EUSKO LEGEBILTZARRA
jon olano
2020ko abenduaren 17a
12:56
Entzun

Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun sailburuak Eusko Legebiltzarraren esku utzi du 2021erako aurrekontu proiektua, ohiko tramitazioa abiatu dezan. Guztira, 12.442 milioi euro izango dira, iaz baino 668 milioi gehiago (+%5,7). Baina, finantza gastuak kenduz gero —zorra ordaintzeko gastatutakoa—, are gehiago handituko da aurrekontua: 770 milioi izango dira, %7,1 gehiago.

Datorren astean, hilaren 21etik 23ra bitartean, Jaurlaritzako sailburuek beren sailei dagozkien atalei buruzko azalpenak emango dituzte Eusko Legebiltzarrean, eta talde politikoek urtarrilaren 18ra arteko epea izango dute zuzenketak aurkezteko. Osoko zuzenketarik baldin badago, horiek eztabaidatuko dituzte urtarrilaren 29an. Batzordeko eztabaida otsailaren 3an egingo dute, eta behin betiko onespena emateko eztabaida otsailaren 11n egitekoak dira.

Jaurlaritzak bermatuta dauka aurrekontuen onespena, EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua dutenez gero. Ikusteko dago ea oposizioko alderdiren batek ere bat egiten duen aurrekontu proiektuarekin.

Hori horrela, Eneko Andueza PSE-EEko bozeramaileak kontuak babesteko eskatu die oposizioko alderdiei, lege proiektua goraipatuta: «Aurrekontuek osasuna eta lanpostuak babesten dituzte, eta desberdintasunari aurre egiten diote». Uste du egungo egoerari «gobernu indartsu batekin» erantzun behar zaiola, eta arlo publikoaren garrantzia nabarmendu du: «Hamar eurotik ia zortzi osasun, hezkuntza, enplegu eta politika sozialeko arloetara bideratu dira».

Gainera, keinua egin dio Elkarrekin Podemos-IUri, ez baitu ziurtzat eman Armentian gasa ustiatzen jarraitzea. Puntu hori da gatazka eremuetako bat koalizioaren eta gobernuko kideen artean, eta Anduezak azaldu du aurrekontuetan horri buruzko diru sail bat egoteak ez duela esan nahi «gure babesa izango duenik edo proiektuak gauzatuko direnik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.