Aurrekontuak

Gastu erreala 700 milioi euro handituko du Jaurlaritzak datorren urtean

«Austeritatetik urrun dauden aurrekontuak dira, austeritatearen aurkakoak», azaldu du Azpiazuk.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua, artxiboko irudian. RAUL BOGAJO / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko abenduaren 15a
12:28
Entzun

Inoiz Eusko Jaurlaritzak izandako aurrekonturik handiena izango du 2021ean Eusko Jaurlaritzak. Guztira, 12.442 milioi euro izango dira, iaz baino 668 milioi gehiago (+%5,7). Baina, finantza gastuak kenduz gero —zorra ordaintzeko gastatutakoa—, are gehiago handituko da aurrekontua: 770 milioi izango dira, %7,1 gehiago.

Gastu horren zati handi bat osasunera (+232 milioi) eta hezkuntzara (+169 milioi) joango da. COVID-19 programa berezi bat izango da, sail desberdinen artean banatzekoa, eta 542 milioi euro izango ditu.

Ikerketa eta Garapenaren atala ere indartzea erabaki du Gasteizko gobernuak: urtero %6 handituko zuela agindu zuen Iñigo Urkulluk bere gobernu programan, baina datorren urtean hortik gora joango da, %9,7 handituta.

Horregatik, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu du aurrekontu «anbiziotsua» dela. «Urteari indarrez heldu nahi diogu pandemiari eta krisiari aurre egiteko». Sailburuak nabarmendu du ez dela murrizketarik izango gastuan. «Austeritatetik urrun dauden aurrekontuak dira, austeritatearen aurkakoak».

Zor berria, 1.700 milioi euro

Diru sarrerak gutxitu direnez, Jaurlaritzak zor publikora joko du aurrekontuak estali ahal izateko. Azpiazuk azaldu du 1.700 milioi eurotik gorako zor berria jaulkiko duela. Espainiako Gobernuak defizit mugak kendu ditu aurten eta datorren urtean, baina erreferentziazko defizit bat jarri du, BPGaren %2,2koa. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, 1.785 milioi eurorena da defizit muga hori; hain justu, Jaurlaritzak hartuko duen zor berria.

Guztira, Jaurlaritzak 2.500 milioiren zorra hartuko du, baina horren zati bat amortizazioetara eta interesetara joango da. «Egoerak zorpetzea eskatzen du. Beste garai batean baino gutxiago kezkatzen gaitu, gainera, interes tasak oso txikiak direlako. Erlatiboki kostu txikia dakar zorpetzeak. Ez da zorpetzeari buruzko zalantzak izateko garaia», justifikatu du Ogasun sailburuak. Zorra BPGaren %16,9ra iritsiko da. «Estatuan zorpetzerik txikiena izango dugu aurrerantzean ere», nabarmendu du.

2022an gehiago zorpetu behar duela uste du Azpiazuk, datorren urtean zerga bilketak nekez berreskuratuko duela aurten galdutakoa. Azarora arte, %10,8 gutxiago bildu dute ogasunek, 1.545 milioi euro gutxiago.

15.000 enplegu gehiago

Aurten ekonomiak jasoko duen kolpe handiaren ondoren, datorren urtean egoerak hobera egitea espero du:barne produktu gordina %8,9 hanziko dela eta 15.000 enplegu berreskuratuko direla kalkulatu du —aurten galduko denaren erdia—, eta langabezia tasa %10,7an geratuko dela. 

Jaurlaritzaren langileen soldatak %0,9 handituko dira, eta hori halako bi, berriz, DBSE diru sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa (+%1,8).

Aste honetan eramango du aurrekontu proiektua Eusko Legebiltzarrera. 2020ko kontuak Ahal Dugu-ren babesarekin onartu zituen Urkulluren gobernuak, baina aurten horren beharrik ez du, gehiengo osoa baitute EAJk eta PSE-EEk. Edonola ere, beste talde politikoen babesa lortzen saiatuko da gobernua. «Ez da bilbokeria bat, baina iruditzen zait zaila dela aurrekontu hauei ezezkoa esatea, gastua hainbeste handituta», esan du Azpiazuk.

Europako funtsak

Jaurlaritzak ez du Europako Next Generation funtsetik irits daitekeen dirurik sartu aurrekontuetan, ez baitaki ez noiz ez zenbat etorriko den. Iritsiko balitz, prozedura bat prest du gobernuak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.