Kontu publikoak

Arabak inoizko aurrekonturik handiena izango du krisiari aurre egiteko

Aurtengoa baino %1,8 handiagoa da, diru bilketan 200 milioi gutxiago jaso arren. 106 milioiko zorra hartuko du diputazioak zulo hori estaltzeko.

Ramiro Gonzalez eta Itziar Gonzalo, gaur, Gasteizen, aurrekontu proiektuaren aurkezpenean. ENDIKA PORTILLO/FOKU
aitor biain
2020ko abenduaren 17a
13:51
Entzun

Arabako Foru Aldundiak 527,7 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean. Aurtengoa baino %1,8 handiagoa da hori; dirutan, hamar milioi gehiago izango du diputazioak osasun krisiak eragindako behar berriei erantzuteko. Inoizko kopururik handiena da hori, nahiz eta diru bilketan esperotakoa baino 200 milioi gutxiago jaso. Zorraren bitartez estaliko du zulo hori, hain zuzen ere. 

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak adierazi du «salbuespen egoerari» aurre egiteko prestatutako proiektua dela, eta aitortu du «ahalegin guztiak» bideratuko dituztela krisitik ateratzera. Erronka hori lortzeko beharrezkoak diren aldaketak sustatzeko lehen harritzat jo du aurrekontu proiektua bera. «Anbizio handiko aurrekontuak dira», esan du. 

Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko diputatuak adierazi du, ordea, diru bilketan izandako zuloa estaltzeko zorpetu egingo direla, gainerako diputazioek egin moduan. Aurten denera, 106,8 milioi euro eskatu die bankuei aldundiak, eta gehiengoa urte amaieran itzuli nahi du (66,3 milioi). Hala, urte amaieran aldundiaren zorra 40,5 milioi handituko litzateke, eta 2021ean Arabaren zorra 545,5 milioi izango dira guztira. Zorraren zati bat, 56 milioi euro, udalekin partekatuko du Arabak ere. «Ez da erabaki erraza izan», adierazi du Gonzalezek. «Ahalegina egiten ari ginen zorra txikitzeko, baina ulertu dugu aurten ahalegin berezi bat egin behar genuela». 

Hiru ildo nagusi
Gonzalezek hiru lerro nagusi aipatu ditu: pertsonak eta zaintza, ekonomiaren eta enpelguaren susperraldia, eta «proiektu eraldatzaileak». Aurrekontuaren ia erdia hartuko du gizarte politiken arloak (%49). Aldundiak 85 milioi euro bideratuko ditu adinekoen zaintzarako, adibidez, eta 13,6 etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzeko. Bestalde, 23,4 milioi euro bideratuko dira enplegua sortzeko eta krisiaren eraginik handiena jasan duten sektoreei laguntzeko: turismoa, ostalaritza edota merkataritza sektoreei laguntza zuzenak emango zaizkie. Azkenik, digitalizazioa, trantsizio energetikoa eta klima aldaketa ardatz dituzten proiektuak ere bultzatuko ditu Aldundiak.

Gonzalezke esan du krisia «aukera» izan behar dela Arabarentzat. Bada, aldundiak inbertsioei eusteko ahalegina egingo duela azpimarratu nahi izan du diputatu nagusiak. «Inbertsioen kopuruaren goranzko joerari eutsi nahi diogu». Aldundiak 105,17 milioi inbertitzea aurreikusten du obra publikoetan eta azpiegituretan. Atzeratu egin beharko dira, halere, Mendizorrotza futbol zelaiaren berritzea edo auditorio berria, besteak beste. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.