Abenduaren 23rako grebara deitu dute Arabako zahar etxe pribatuetan

«Lan prekaritatea» salatzeko eta hitzarmen propioa eskatzeko egingo dute lanuztea.

Arabako zahar etxeetako langileen protesta bat. DAVID AGUILAR/ EFE
edurne begiristain
2020ko abenduaren 17a
14:39
Entzun 00:00:0000:00:00

ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek deitu dute grebara. Arabako adinekoen egoitza pribatuetako langileek bi urte daramatzate mobilizazioak egiten «lan prekaritatea» salatzeko; izan ere, urtean 1.792 ordu lan egiten dute, eta hilean mila euro baino gutxiago kobratzen dute. Egoitzak kudeatzen dituen enpresei egutegiak ez betetzea leporatzen diete, bai eta legez ezarritako atseden ordutegiak ez errespetatzea ere. «Ez dugu makinekin lan egiten: gertuko arreta behar duten pertsonak zaintzen lan egiten dugu. Ia ez dugu astirik haiek garbitzeko eta jaten emateko. Aukeratu egin behar dugu: elkarrizketa edo garbiketa, ezin ditugu bi gauzak batera egin», salatu dute.

Sindikatuetako ordezkariek azpimarratu dute horrek guztiak «zama fisiko, emozional eta psikologiko handia» jasanarazten diela. «Pandemia hasi denetik ikusi dugu nola egoiliarrak bost urte igaro balira bezala zahartu diren. Beste batzuk bakardadean joan dira, laguntzarik gabe. Zama hori langileok ezin dugu gehiago jasan». Egoitzetako langileek lurralde hitzarmen baten alde borrokan daramatzate bi urte, eta negoziazioa behartzeko ezinbestekotzat daukate greba egitea. Enpresei eta Arabako Foru Aldundiari galdegin diote erantzukizunak bere gain hartzeko eta elkarrizketa mahaian esertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.