Eutanasia

Eutanasiaren legea onartu dute Espainiako Kongresuan

199 diputatuk egin dute lege proposamenaren alde, eta orain, Espainiako Senatuan bozkatu beharko da. Legea babestu dutenek gaurko eguna «historikoa» dela azaldu dute. PPk eta Voxek, berriz, proposamena salatu, eta zaintza aringarriak izan dituzte oinarri.

Eutanasiaren aldekoen bilkura, Madrilgo Kongresuaren aurrean, gaur. KIKO HUESCA / EFE
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko abenduaren 17a
17:17
Entzun

Eutanasia Arautzeko Lege Organikoaren proposamena onartu dute gaur Espainiako Kongresuan. Gehiengo absolutua -176 bozka- behar zuen legeak aurrera egiteko, eta hain zuzen, 199 diputaturen bozka lortu du. Kontrako botoak 138 izan dira, eta bi abstenitu egin dira. Senatuan onartzea izango da hurrengo urratsa. Horrela izanez gero, BOE Espainiako Aldizkari Ofizialen argitaratu, eta hiru hilabetera jarriko litzateke martxan legea. Ia alderdi guztiek jo dute historikotzat gaurko eguna, eutanasia baimentzea giza eskubideen defentsan pauso bat gehiago ematea dela nabarmenduta. Zaintza aringarriei buruz ere aritu dira eztabaidan, kasu batzuetarako konponbide bakarra ez dela argudiatuta.

Legealdi zenbaitetan saiatu dira eutanasiaren legeari forma ematen, baina saiakerek ez dute emaitzarik izan. PSOEk aurkeztu zuen azken lege proposamen hau urte honetako otsailean, eta alderdi guztiek hobetsi zuten, PPk, Voxek eta Navarra Sumak izan ezik. Gaur eginiko saioan ere beraiek izan dira legearen aurka gogorren jardun zuten taldeak, une zenbaitetan tentsioa ere sortuz. Hilabeteotan egitasmoari zuzenketak egin dizkiete talde batzuek, eta behin betiko proposamenari forma eman diote.

Lortutako kontsentsua txalotu du talde sozialistak. «Gaur, egun garrantzitsua da senideen mina frustrazio handiarekin jasan zuten familientzat», azaldu du Maria Luisa Carcedo diputatu sozialistak. Haren arabera, gizakiengan pentsatzen duen legea da; bizitza gain, gaixotasunak, sufrimendua eta heriotza ere badaudela gaineratu du. «Ezin da bizitza luzatzera behartu». Are, Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroa ere osoko bilkuran egon da, eta aitortu du giza eskubide bat gehiago aitortzeaz gain, egun inportantea izan zela gizarte «gizatiarrago eta justuago bat» lortzeko bidean. Unidas Podemosen arabera ere txalotzekoa da eskubide bat gehiago erdiestea, eta uste du bide horretan herritarren eginiko lana «funtsezkoa» izan dela.

Joseba Agirretxea EAJko diputatuak bere hitzartzean adierazi du hausnarketa sakon bat egin ondoren, eutanasia moralki onargarritzat jotzen duela alderdiak, betiere baldintza batzuetan eta segurtasuna bermatzen bada. «Uste dugu eutanasia despenalizatu egin beharko litzatekeela, legearen testuinguru batean». Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduko diputatuak, berriz, azpimarratu du «premiazko betebehar sozial bat» dela lege proiektu hau onartzea, eta orain dela urte asko egin beharko litzatekeela. Egitasmoak hutsune batzuk dituela aitortu arren, erantsi du ez direla izan oztopo bat babestu ahal izateko, eta gainera, herritarren gehiengoak ere eutanasiaren alde egiten duela.

Zaintza aringarrien eta eutanasiaren arteko ezberdintasunak ere nagusi izan da eztabaidan. Izan ere, eskuineko eta eskuin muturreko indarrek zaintza aringarrietan oinarritutako lege baten alde egiteko nahia dute. PPren arabera, proposamen hau «legez kanpokoa, desegokia eta Espainiako Konstituzioaren aurkakoa» da. Horregatik, beste aukera bat badagoela aldarrikatu dute: «Kalitatezkoak eta bikaintasunezkoak izango diren zaintza aringarriak defendatzen ditugu, eta horien unibertsalizatzea». Voxek eutanasiaren legearekin «pertsona ahulenen heriotza sententzia» sinatzen dela aipatu zuen, eta «Espainia heriotzaren paradisua» dela. Hala ere, gainontzeko taldeek erantzun diete zaintza aringarriak, batzuetan, ez direla aski norbaiten minak sendatzeko.

Egindako lanari, eskerrak

Legearen alde egin duten taldeek eskerrak eman dizkiete eutanasia legeztatzeko haien kasuak ikusarazi dituztenei. Danel Lorente Maribel Tellaetxeren semea da, eta PPk eta Voxek izandako jarrera salatu du: uste du zainketa aringarriak eta eutanasia «guztiz bateragarriak» direla, baina erantsi du zaintza aringarriek mina arindu arren, giza sufrimendua ez dagoela soilik min fisikoaren menpe. Erantsi du, adibidez, Tellaetxeren arrazoiek ez zutela eritasun horrekin zerikusirik: «Nire amari ez zion aringarri batek ere oroitzapenak itzultzen, maite zituen pertsonak ezagutzeko gaitasuna bueltatzen, eta batez ere, autonomiarako gaitasuna».

Hain zuzen, Maribel Tellaetxek alzheimerra izan zuen hamabi urtez, eta aurrez idatzita utzi zuen erabateko ahanztura iritsi aurretik, bizitzeari utzi nahi ziola. Ez zuen horretarako aukerarik izan, eta 2019ko martxoan hil zen, baina Lorente-Tellaetxe sendoa eutanasia zigorgabetzearen alde aritu da. Sinadura bilketa bat ere egin, eta 280.000 pertsonaren babesa lortu zuten. Danel Lorente semearen arabera, Tellaetxe harro legoke orain arte egin duten borrokarekin, berak izan ez zuen aukera beste batzuk eduki dezaten. Haren ustez, legearekin norbanakoen askatasunak eta giza eskubideak errespetatzen dira: «Une jakin batean joatea erabaki nahi izatea, hautu propio bat da; soilik nik, eta ez beste inork, gobernatu beharko nuke halako erabaki batean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.