Sormene

Teatro giroko musika

Ahotsenea gunean, Hatxek eta Peru Galbetek euren disko berriak aurkeztu dituzte zuzenean, besteak beste. Musikarekin agurtu dute Sormeneren lehen edizioa.

Andoni Imaz.
2020ko abenduaren 18a
16:36
Entzun

Bateriak ezartzen du erritmoa, trostan elkartzen zaio pianoa, eta haien gainetik ageri dira biolina eta ahotsa, arin, jauzika. Antzoki batean daude erosoen, hori da lekurik aproposena Hatxerentzat. Hatxe Idoia Hernandez da, baina Ilargi Agirre, Peru Galbete eta Jurdana Otxoa ere badira Hatxe. Panpin hautsien dantza diskoa atera dute aurten, eta atzo aurkeztu zuten Sormenen, Galdakaoko Torrezabal aretoan (Bizkaia), kontzertu labur batean.

Bereziak ziren formatua eta plaza, eta taldeak alde batera utzi zuen diskoa aurkezteko orain arte erabili duten modua: hura osatzen duten lau kantak etenik gabe jotzea, elkarren atzetik. Atzoko kontzertuan, berriz, euren proiektua aurkezteko aprobetxatu zituzten tarteak, eta, bide batez, txalo jotzeko aukera eman zieten entzuleei. Hernandezen hitzetan, «performatiboa» da haien proposamena. Agertokira igotzen dira arropa bereziak soinean, jantzi luzeak, beltzak eta granateak, botoi deigarriekin. Musikak ez ezik, horrek ere laguntzen du murgiltzen kabaret edo teatro giroan.

Esan liteke kantu instrumental batekin abiatu zutela kontzertua, nahiz eta Galbetek abestu egin zuen, harentzat instrumentu nagusia delako ahotsa, eta, hitzik esan gabe, gainontzeko tresnen melodiari lotzen zaiolako, modulatuz, bizitasuna moldatuz.

Haren ondoren, Baso kanta leuna, Galbeteren beraren hitzekin, eta, atzetik, Histeria, Galbeteren ahotsaren eta Otxoaren biolinaren arteko elkarrizketa inprobisatu batekin. Iaz, taldeak bideo bat sortu zuen kontu horrekin batera, Maria Elorza zinemagilearekin kolaboratuta, Azpeitiko Sorkuntza bekaren bidez. Hernandok berak jarri zion ahotsa hurrengo kantari, testu bat errezitatuz, antzerki kutsua nabarmenduz. «Munduko erdigunea izatetik mundu oso bat».

[youtube]https://youtu.be/55CRj7aHpC0[/youtube]

Ia sei minutuko kanta batekin bukatu zuten kontzertua, D(r)ama, ezti hasi eta lehertzera iritsiz, tristurari lekurik kentzeko asmorik gabe: «Bizi minak ukatu behar direla diote/ aldiz, poza, pozez, pozik/ konstante», esaten zuen Hernandezek idatzitako letrak.

Peru Galbete, hirukotean

Galbetek agertokian jarraitu zuen hurrengo kontzertuan ere, hark ere disko bat atera baitu aurten, bere kasa, Nor zara zu? izenekoa. Mukuru kolektiboko kideak dira bi taldeak, eta zigilu horretako bederatzigarren eta 11. erreferentziak dira haien diskoak. Galbetek azken urteetan sortutako kantak grabatu zituen, eta konfinamenduan jarri zituen Interneten. Orain, hirukote akustikoan ari da zuzenean jotzen, Idoia Arizaleta gitarristarekin eta Santi Etxeberria kontrabaxu jotzailearekin batera. Galbetek berak txarangoa eta ukelelea jotzen ditu, abesteaz gain.

Diskoa ia osorik eman zuten kontzertuan, segidan jo baitzituzten lehenengo lau kantak, Waio, Hitzen hitzak, Gezurtegiak eta Itzalak. Kantu soilekin osatu zuen diskoa, bakarka, konpainiarik gabe, eta zuzenean, beste bi kideren babesean, epeltasuna irabazi dute. Izan ere, Galbeteren musikak giro lasai eta intimoa sortzen du.

Ondasun eta Estralurtarra jo eta gero, estiloz aldatu, eta bertsio bat egin zuten. Luisa Sobral musikari portugaldarraren Só um beijo abestiarena, hain zuzen, Arizaletak eta Galbetek abestua. Eta, kontzertua amaitzeko, diskoko azken bi kantak: Airea haize eta Asmakizun bat. «Zein naiz?», galdetzen zien abestiak entzuleei: «Ezin nauzu entzun, eta ezin nauzu ikusi/ baina nire izena esatean, desagertzen naiz bat-batean».

Ahotsenearen Sormeneko plazan ere, kontzertu bat bukatzerako hasi zen hurrengoa, eta, bi talde horien ondoren, haien disko berriak aurkezten aritu ziren MG Banda, Hilotz, Raust! eta Ro musika taldeak. Nerea Ariznabarretak eta Mariano Hurtadok Ezberdin bezain eder ipuina kontatu zuten hitzen eta musikaren bidez, eta Aiko taldeak dantzan agurtu zuten Sormeneren lehen edizioa, itxieren urte honetan ireki den plaza berria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.