Lan gatazkak

Ehunka lagun, ITP Castingseko kaleratzeen aurkako manifestazioan

Sestao eta Barakaldo arteko bidea egin dute, eta agindu dute ez dutela kaleratze bakar bat onartuko.

ITP Castings enpresako langileen manifestazioa, Sestaon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko abenduaren 19a
17:27
Entzun

Ehunka lagunek egin dute gaur goizean Sestaoko Kasko plazaren eta Barakaldoko Herriko Plazaren arteko ibilbidea, ITP Castings enpresan (lehen PCB) iragarritako kaleratzeak salatzeko.

Hasiera batean, 505 langileetatik 136 bota nahi zituen ITPk, aeronautikaren eskariaren amiltzea argudiatuta, baina azken aste honetako bilera batean kaleratzeak 88ra murriztea eta hamar langileri erretiro aurreratua ematea proposatu du zuzendaritzak.

Kaleratze bakar bat ez dutela onartuko erantzun dute sindikatuek, eta ITPk baduela nahiko gihar krisiari aurre egiteko hain neurri dramatikoak hartu gabe.

Hilaren 24ean amaituko da enpresako zuzendaritzak aurkeztutako erregulazio espedientea negoziatzeko epea. Azken asteko negoziazioetatik askorik ez dutela espero azaldu dute langileek, manifestazioaren amaieran irakurritako agiri batean. Edonola ere, negoziazioa amaitzen denean ere borrokan jarraituko dutela agindu dute. «Ez dugu onartuko erregulazioak eragindako familien suntsiketa». Esan dute «ahal duten lekuan» borrokatuko direla kaleratze guztiei aurre egiteko, eta Ezkerraldeko herritarren babesa eskertu dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.