BENGOETXEA 12-22 ALTUNA

Altuna, nagusitasunez finalera

Amezketakoak partida oso serioa jokatuta irabazi dio Leitzakoari, eta bosgarren aldiz jarraian ariko da lau eta erdikoaren finalean. Inork ez du lortu halakorik. 

Jokin Altuna, garaipena ospatzen, gaur. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Julen Etxeberria.
2020ko abenduaren 19a
20:47
Entzun

Ez dago gaitzik onik ez dakarrenik. Koronabirusaren pandemiaren ondorioz, erabat estutu da pilota jarduna. Etenik gabe ari dira jokatzen txapelketa guztiak, eta horrek aukera ematen du porrotak ohi baino lehenago ahaztu, eta aurrera begira jartzeko. Horixe egin du Jokin Altunak: lau eta erdikoan buru-belarri jardunda ari da sendatzen banakako finalean Erik Jakaren kontra galtzeak eragindako zauria. Sufritzen jakiten ari da, eta behar denean kolpea ematen. Horri esker, banakako txapela gabe geratu eta hiru aste eskasera beste final baterako sailkatu da; bosgarrena du jarraian lau eta erdikoan. Lorpen itzela da hori. Inork ez du egin halakorik. Aurreko lauetatik bakarra irabazi du, eta hiru galdu. Bolada txar hori aldatzen eta bigarren txapela irabazten saiatuko da datorren igandean, Bilbon. Joseba Ezkurdia edo Jaka izango du aurkari. Bi pilotariok gaur jokatuko dute Eibarren (Gipuzkoa), 18:00ak inguruan (ETB1).

Oinatz Bengoetxea kanporatuta ariko da Altuna III.a txapela irabazteko lehian. 22-12 hartu du mendean gaur, Bilbon. Argigarria da emaitza, amezketarraren nagusitasunaren isla. Oso partida serioa jokatu du, gorabeherarik gabekoa. Bengoetxea VI.a, ordea, bere estilo ausartari leial izan da beste behin. Arriskatu egin du, eta asmatu, batez ere hasieran, fresko zegoenean, baina lehiak aurrera egin eta tanto biziak bata bestearen atzetik jokatu ahala, hauspoa galduz joan da, eta hutsak egiten hasi: 11 egin ditu guztira; asko. Eta Altuna III.ak bikain aprobetxatu ditu.

3-7tik 20-9ra

Serio, oso serio aritu baita Aspekoa, hasi eta buka. «Oso kontziente nintzen partida oso zaila izango zela. Horregatik irabazi dut», aitortu du neurketa bukaeran. Danel Elezkanoren aurka ez bezala, ondo ekin dio partidari: 3-0. Baina kanpora bidali du pilota bat, eta Bengoetxea VI.ak hartu du sakea. Pilota erabili gabe zegoela baliatuta, min egin egiten hasi da. Ausart jokatu du, arriskatuz, beti bezala, eta konturatu orduko zazpi tanto egin ditu jarraian: 3-7. Baina finalerdietan bezala, Altuna III.ak hotz izan du burua, eta sakearekin asmatuz eta neurketaren aginte makila sendo hartuz buelta eman dio emaitzari. Nola, gainera, 17-2ko partziala lortuta (20-9). Kito. Akabo partida.

«Azken hiru asteak oso aberatsak izan dira. Gaur, une oro sinetsi dut neure aukeratan», esan du Altuna III.ak. Bengoetxea VI.ak, berriz, aurkariaren nagusitasuna onartu du.

Lehen Mailako finala bihar geratuko da zehaztuta. Promozio Mailakoa, berriz, atzo gauean geratu zen zehaztuta: Aitor Elordik eta Julen Egigurenek jokatuko dute, datorren larubatean, Tolosan (Gipuzkoa). Elordik 22-13 irabazi zion Javier Zabalari finalerdietan, eta Egiguren V.ak, 22-15 Dario Gomezi.

Bestalde, Jon Mariezkurrenak Asperekin jokatuko du binakakoa. Baikoko pilotari ohiak eta Aspek bost hilabeterako kontratua adostu dute, eta gero, enpresak beste eskaintza bat egingo dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.