Lan gatazkak

Inditexek zazpi saltoki itxiko ditu Hego Euskal Herrian apirilerako

Amancio Ortegaren konpainiak bere salmenten laurdenak sarearen bidez egiteko helburua dauka 2022rako, eta hogei denda itxiko ditu guztira.

xabier martin
2020ko abenduaren 21a
12:41
Entzun

Gaur ez dira ari San Tomaseko zerria zozketatzen Donostian, baina feriaren itxurak egiten ari dira Inditex taldeko saltokietan diharduten beharginak, gehien-gehienak emakumeak, beren lanpostuak kolokan daudela salatzeko. Amancio Ortegaren dendetatik dendetara doan kalejiran, esplikatzen ari dira Inditex beren enpleguak zozketatzen ari dela; enpleguak eta lan baldintzak.

Ez alferrik, 2022rako salmenten %25 sarearen bidez egiteko helburua jarri dio bere buruari konpainiak, eta horrek berekin ekarriko du hogei denda ixtea Hego Euskal Herrian. Plan horren lehen fasea apirilerako gauzatuko du Zararen jabeak, eta 66 lanpostu arriskuan daude jadanik, bai bailiteke langileak beste nonbait kokatzea; «ezkutuko kaleratze erregulazio bat da», esan dio BERRIAri Amaia Pintadok, ELA sindikatuko Merkataritza ataleko arduradunak.

Eta zein denda daude apirilerako itxita behar duten zerrenda beltz horretan? Bi Stradivarius, bata Irunen, dagoeneko itxita dagoena, eta bestea Bizkaian itxiko dute. Beste bi Massimo Dutti, Urbil merkaritza gunean (Lasarte, Gipuzkoa) eta Iruñean;  Pull and Bear bat (Bizkaian); eta Bi Zara, bata Gasteizen eta bestea Bizkaian. 66 langile ari dira beharrean saltoki horietan, eta gaur-gaurkoz ez dakite zer gertatuko den beren enpleguekin.

Madrilen ari dira negoziatzen sarean gehiago saltzeko prozesu horrek Inditexeko langileei ekarriko dizkien lan baldintza aldaketa. ELAko ordezkariak esplikatu du prozesuak «lantalde osoari» eragingo diola, ez bakarrik ixten diren saltokietako langileei. «Eredu aldaketa sakon bat jarri dute martxan. Saltokiak erakusleiho bihurtu nahi dituzte, eta aplikazioaren bidez probalekuak erreserbatu, arropa zehatzak ere bai...». Inditex beharturik dago legez negoziazio epe bat zabaltzera, martxan jarri dituen aldaketek eragin handiak izango dituztelako luze gabe lantaldean, eta ELAk uste du langileei antolatzeko unea iritsi zaiela, CCOO eta UGT beren aldetik ari direlako negoziatzen «oso baldintza kaskarrak».

«Gaur egun, Inditexek ez du bermatzen enplegua baldintza beretan eskainiko duenik ixten dituen saltokietako langileei, eta ez du baztertzen langile batzuek bizilekuz aldatu beharra, Inditexen lanean jarraitu nahiez gero. Inditexek onartu du, gainera, erabakia ez dela egoera ekonomiko zail baten ondorioa. Taldeko enpresek irabaziak dituzte, baita 2020. urte zail honetan ere».

Ziurgabetasun handi horren aurrean, ELAko ordezkariek Inditexen zer gertatzen ari den erakustea erabaki dute Donostiako kaleetan zehar, San Tomas egunez. Ekintza hori mobilizazio sorta baten lehena izango dela dio sindikatuak, «eta, ziurrenik, greba deialdi batekin amaituko da, baldin eta taldeak asmoari eusten badio, enplegurako bermerik ezarri gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.